Andra Mariko elizpea pasarela distiratsuenen pare jantzita, Durango bere moda gaualdirik herrikoiena taularatzeko prest dago. Bariku honetan, Durango Fashion Gauaren edizio berria egingo dute, 20:30etik hasita. Izan ume ala heldu, 64 durangar arduratuko dira modelo lanak egiteaz eta herriko arropa edo osagarri merkatarien denboraldi berria jendaurrean aurkezteaz. Dendak Baira atxikitako saltoki bakoitzak pase bat izango du, helduentzako moda establezimenduek bost look erakutsiko dituzte, eta umeen modako establezimenduek, berriz, sei. Edizio honetan, nobedade modura, Aroa Blanco eta Maite Lopez artista durangarrek egingo dituzte aurkezle lanak. Gainera, L'Atelier dantza eskolako ikasleek ere emanaldi bi eskainiko dituzte: ballet klasikoa izango da bata, eta izaera komertzialagoko dantzaldia bigarrena.
Dendak Baik jakinarazi duenez, ikusleek opari zozketan parte hartu ahalko dute. Karteleko QR kodea eskaneatuta, 100 euroko bost opari txartel eskuratu ahalko dituzte.