Arropa denboraldi berriarekin batera, bueltan da Durango Fashion Gaua ere. Dendak Bai elkartea desfilearen zazpigarren edizioa prestatzen dabil, eta aurten ere, udazken-negu denboraldiko arropa eta osagarririk interesgarrienak aurkeztuko dituzte desfile batekin. Ohi bezala, durangarrak arduratuko dira herriko saltokietako proposamen berriak soinean jantzi eta jendaurrean desfilatu ahala erakusteaz.
Izan ere, Durango Fashion Gaua irailaren 26an egingo da Andra Mariko elizpean, 20:30etatik aurrera. Alabaina, desfile handiaren aurretik modelo gisa parte hartuko duten herritarrak aukeratuko dituzte casting ireki batean. Aukeraketa irailaren 9an egingo dute, martitzena, 17:00etatik 19:00etara Andra Mariko elizpean. Elkarteak adierazi duenez, ez dago parte hartzeko baldintza berezirik. Nahikoa izango da 18 urte baino gehiago izatea. Herritarren parte hartzea sustatu eta "aniztasuna, hurbiltasuna eta tokiko talentua" bultzatu gura dutela azaldu dute.
Egitasmoa Dendak Baik antolatu du. Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak laguntza eman dute.
Parte hartzaile bat, 2021eko Fashion Gauean. DENDAK BAI