Durangoko Udalak Tabirako kirol instalazioak berrituko dituela eta, "epe luzeko begirada eta aurreikuspena" eskatu ditu EH Bilduk. Koalizioaren arabera, gobernu taldeak abiatutako proiektua "aurreikuspen eta plan handiegirik gabe" gauzatuko da, eta horren eraginez, igerilekuen etorkizuneko balizko zabalkundea "mugatu" daitekeela uste dute. Azpimarratu dutenez, gaur egun, egun beroetan, "goraino" betetzen dira igerilekuok, eta aldaketa klimatikoaren eraginak geroago eta nabarmenagoak direla ikusita, instalazioak "babesleku klimatiko" izan daitezkeela ohartarazi dute. Horregatik guztiagatik, "igerilekuen balizko handitze bat kontuan hartzea eta aldagelak behar bezala birkokatzea" eskatu dio koalizioak gobernu taldeari, "eskuragarri dagoen zorua ez erretzeko".
Aurreko legealdian, Tabirako aldagelak igerilekuekiko perpendikularki eraikitzea proposatu zuen EH Bilduk. Orientazio hark igerilekuak handitu ahal izateko "3.800 metro koadroko espazioa" bermatzen zuela berretsi du orain. Era berean, multikantxak Landakoko orubera, Open kiroldegia izandakora, eramatea proposatu zuten, Tabirako eremua libratze aldera. Koalizioa prest agertu da "herritarrentzat onuragarria izango den proiektu bat diseinatzeko eta adosteko". Durangok "epe ertain eta luzera pentsatutako azpiegitura" merezi duela gaineratu dute, "ez etorkizuneko belaunaldiak hipotekatuko dituen bat-bateko erabakiak".