Durangoko Udala Landarte Etxea botatzen hasi da gaur, EH Bilduk jakinarazi duenez: "Momentuz, biltegiaren teilatua bota dute", baina "litekeena da datozen egunetan eraikina osorik botatzea". EH Bilduk jarduketa kritikatu du hedabideetara bidalitako oharrean. Diotenez, "ez da EAJk eraisten duen lehenengo eraikin historikoa". Duela urte batzuk, tren geltoki zaharrarekin "polemika" sortu zela gogorarazi dute, eta Correos eraikina ere izan dute ahotan, gobernu taldeak hura botatzea ere aurreikusita daukalako. Hori guztia dela eta, EH BIlduren iritziz, EAJ ez dabil "herritarren eskariak eta beharrizanak entzuten". Koalizioak urgentziazko mozioa eraman du arratsalde honetako osoko bilkurara, baina adierazpena ez da eztabaidatzera iritsi, EAJk, PSE-EEk eta PPk auzia urgentziaz lantzeari ezezkoa eman diotelako, koalizioaren berbetan.
Duela hilabete batzuk, Landarte Etxea musika eskolako ikasleentzat eta gazteentzat atontzea proposatu zuen EH Bilduk. Bertan, entsegu gelak ipintzea eta "gazteentzako gune autogestionatua" jartzea proposatu zuen. HAPOa moldatuta eta "inbertsio handirik egin gabe" proiektua egikaritu zitekeela esan zuen. Alabaina, esan bezala, eraikina botatzen hasi direla jakinarazi du koalizioak.
Ia 100 urte
Landarte Etxea 1927koa da. Zerrategia izan zen aspaldi, eta etxebizitza modura erabili zen gero. 2017an, udalak eraikina desjabetu zuen PERI Ferrocarril proiektuaren barruan. Ordutik, ordenazioz kanpo dago, baina "plan berezi baten bidez" berriro ere ordenazio barrura bueltatzeko aukerak daudela dio EH Bilduk.