Durangoko EH Bilduk Landarte etxea berreskuratzeko proposamena egin du

Anboto 2025ko api. 10a, 12:39

Eraikin multzoaren mendebaldeko zatia Musika Eskolarentzat eta inguruko auzo elkarteentzat erabilgarri ipintzea proposatu du koalizio subiranistak. 

Durangoko EH Bilduk proposamen bat ipini du udalerriko politikagintzaren mahai gainean: Musika Eskolaren atzealdeko eraikina, Landarte Etxea, berreskuratzea eta eremuari erabilera ematea proposatu du. Eraikina zati bitan banatuta dagoela eta, mendebaldeko aldean  Musika Eskolako ikasleentzako entsegu-gelak ipintzea eta inguruko auzo-elkarteen erabilerarako eremuak atontzea proposatu du. Koalizio subiranistaren arabera, zati horrek sotoa, beheko solairua, beste hiru solairu ditu bere 680 metro karratuetan.

Ekialdeko aldean, berriz, garai batean zerrategia izandakoan, erabilera anitzeko gela bat ipintzea proposatu dute: "Gazteentzako erabilera anitzeko espazioa aproposa dela irizten diogu, solairu bakarrekoa eta leiho txikiekin, erraz intsonorizatu daiteke eta herriaren erdigunean kokatuta dago. Gainera, aisialdirako eta kirolerako aukerak ematen dituen terraza dauka, eta areto handi bat sorkuntzarako eta ikuskizunetarako".  

Eraikina botatzearen aurka

Koalizio subiranista "prest" dago udal gobernuarekin batera proiektua garatzeko: "Espazio falta nabaria dauka Durangok, eta modu honetan, eraikin historiko baten berreskurapena eta espazio faltaren arazoa uztartuko genituzke", azaldu dute. Alde horretatik, EH Bildu eraikin historikoak "botatzearen kontra" agertu da, "tren geltoki zaharrarekin gertatu zen bezala, edo Correosen eraikin zaharrarekin edo orain Landarte etxearekin egin nahi duten bezala".

Landarte Etxea 1927an eraiki zuten, 100 urte beteko ditu laster. Zerrategia izan zen sasoi batean, eta etxebizitza modura erabili zuten gero. EH Bilduk dioenez, 2017an, PERI Ferrocarril proiektuaren baitan, "udalak eraikina desjabetu zuen", eta "odenaziotik kanpo" dago ordutik. Hala ere, EH Bilduren berbetan, badira eraikina "berriro ere ordenazio barruan sartzeko moduak, plan berezi baten bidez edo HAPOaren bidez". Eraikina "egoera onean" dagoela esan dute, eta "obra txiki batzuekin" eta "inbertsio erraldoirik egin barik"  zaharberritzea posible litzatekeela azpimarratu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!