Era berean, alkateak harrera familiak eta Hamadako Izarrak eta Rio de Oro elkarteetako kideak eskertu ditu, umeak errefuxiatuen kanpalekuetatik hona ekartzeko bitartekaritzagatik: "Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik. Argi dago ume hauek beti eskertuko dutela zuen lana". Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetako umeak joan zen astean ailegatu ziren eskualdera, eta abuztuaren 28ra arte egongo dira eskualdean, uda gure artean igarotzen. Euretariko 15ek Olazarko gaztegunean hartu dute aterpe (Zaldibar), Hamadako Izarrak elkartearen eskutik. Rio de Oro elkartearen eskutik, berriz, 25 etorri dira: horietako 12 Izurtzako aterpetxean daude; gainerako 13ak, eskualdeko hainbat familiaren etxetan. Azkenik, Elorrion, 3k hartu dute babes, hango harrera familietan, Lajwad elkartearen laguntzagaz.
Gaurko harrera ekitaldian, Durangaldeko udalbatzako kideek opari bana eman diete umeei.