40tik gora ume sahararrek igaroko dute uda Durangaldeko patxada ederrean

Ekaitz Herrera 2025ko uzt. 21a, 09:00

Izurtzako aterpetxeko kideen familia argazkia. RIO DE ORO

Joan zen eguenean ailegatu ziren eskualdera, eta abuztuaren 28ra arte egongo dira gure artean, uda sasoiaz gozatzen. Txangoak, bateko, eta herritarren abegikortasuna, besteko, gerra girotik kanpo igaroko dituzte oporrak. Merezi bezala: bakean. 

Hogei eguneko atzerapenagaz etorri ziren, pasaporte kolektiboekin izandako bisa arazoak tarteko, baina gure artean daude jada, eta urtero bezain gogotsu. Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 40tik gora ume saharar Durangaldeko herrietan daude dagoeneko, uda gure artean igarotzera etorrita. Eskualdeko hiru elkarteren bitartekaritzagaz etorri dira gurera. Euretariko 15ek Olazarko gaztegunean hartu dute aterpe (Zaldibar), Hamadako Izarrak elkartearen eskutik. Elorrion, 3k hartu dute babes, hango harrera familietan, Lajwad elkartearen laguntzagaz. Rio de Oro elkartearen eskutik, berriz, 25 etorri dira: horietako 12 Izurtzako aterpetxean daude; gainerako 13ak, eskualdeko hainbat familiaren etxetan. 

Xaboi-ponpen tailerra Izurtzako aterpetxean. RIO DE ORO


Olazarko abegikortasuna

"Nekatuta ailegatu ziren Zaldibarrera, baina berehala kargatu zaizkie pilak. Jolasten, arineketan, batetik bestera dabiltza geratu barik", azaldu du Hamadako Izarrak elkarteko Garazi Etxebarriak. Datozen asteetan ekintza ugari egingo dute Olazarren, eta ez dituzte faltako asteroko-asteroko irteeerak: "Batean hondartza dela, bestean igerilekua edo urtegia dela, ekitaldi ugari dugu aurretik", iragarri du Etxebarriak. Honako hau izango da hain zuzen ere, ume sahararrek Olazarren aterpe hartzen duten hirugarren aldia. Duela bi urte, ANBOTOk Olazarren bertan jaso zuen aterpetxeko egunerokoa.

Aurten ere kuadrilla ederra batu da Olazarren. HAMADAKO IZARRAK

 

Etxean bezala Elorrion

Elorrion ere, antzerako aldartea agertu dute ume sahararrek: "Etorri eta berehala igerilekura joateko eskatzen hasi ziren", azaldu du irribarrez Maialen Bernasek, Lajwad elkarteko presidenteak. Elkarteko kide izateaz gainera, harrera-familiako pardaide da, eta etxean izango du 11 urteko ume sahararra. "Aurten, hiru etorri dira Elorriora. Errepikatzaileak dira, hau da, aurreko urteetan ere hemen egondakoak dira. Laugarren urtea dute honako hau", zehaztu du Bernasek. "Presiorik gabe", patxada ederrean igaroko dute uda etxean, Elorrion, eta inguruetan.

Elorriora etorritako hiru ume sahararrak, Lajwad elkarteko Maialen Bernasekin. LAJWAD


Aniztasun funtzionala ez da oztopo 

Izurtzako aterpetxeko kideek ere dena dute prest, zazpi asteko egonaldia ahalik eta ederrena izan dadin umeentzat. Lehenengo egunetako urduritasunak eta egokitze-lanak kenduta, etxean bezala dabiltza han ere: "Pozik gaude, ume denak etorri dira-eta aterpetxera. Euretariko bederatzi errepikatzaileak dira; berriak, beste hirurak. Gainera, aterpetxeko begirale sahararretako bi berriak dira. Primeran egokitu dira denak", azaldu du Mikel Del Arco Rio de Oroko arduradunak. Horrez gainera, gogorarazi du Izurtzako egonaldia are eta bereziagoa ume sahararrentzat, aniztasun funtzinala dute-eta. Edozelan ere, ez dute oztoporik bidean. Zazpi asteko egonaldian, kanoan, zaldian eta egokitutako surf-tauletan egongo dira. Itsasontzian ere ibiliko gara eta baserri-eskola bat ere bisitatuko dugu", jakinarazi du Del Arcok. 

Saharako umeak abuztuaren 28ra arte egongo dira gurean. Egun horretan, beren familietara itzuliko dira, Euskal Herriari laster arte esanda. 

Aljeriatik Euskal Herrirako bidaiak neka-neka eginda utzi zituen umeak. RIO DE ORO

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!