Astelehenean, uztailak 21, hasiko dira Durangoko merkatua berritzen. Udalak era integralean egokituko du azpiegitura. Merkataritza-postuak berrituko dituzte, eta eremua berrantolatuko dute, merkatua kultur jarduerak, sukaldaritza tailerrak eta gastronomia ekitaldiak hartzeko prest egon dadin. Lanak uztailetik irailera egingo dituzte, eta tarte horretan, hornidura-merkatuko postuak zarratuta egongo dira, Etartie salbu. Horrek kokaleku berria izango du, behin-behinean, Andra Mari eta Kurutziaga kaleen arteko lotunean.
Udalak ia 300.000 euroko inbertsioa egingo du merkatua berritzeko. Azpiegitura "erreferentziazko gune" bihurtu gura dute "tokiko produktuarentzat, elikaduraren sektorean dihardutenentzat eta herritarrentzat". Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du proiektu "estrategikoa" dela. "Proiektu honek esan eta egin, hitza eman eta bete filosofia islatzen du, gure arlo enblematikoenetako bat espazio moderno, irisgarri eta jasangarri bihurtuz", adierazi du.
Merkatu berria zenbakitan
Merkatuak 11 postu izango ditu aurrerantzean. Horien artean egongo dira, jarduera irekiko postu bat, ozpinetakoen denda, harategia, Zero Kilometro postua, okindegia, arrandegia eta udalaren eginkizunetarako postua. Horrez gainera, kafetegiak egongo dira, eta hall deritzonak ekitaldiak hartzeko aukera eskainiko du. Eremuaren osotasuna 820 metro karratukoa izango da.
Postuetarako lizitazioa, zabalik
Obrak hastearekin batera, udalak postuetako lizitazioan parte hartzeko epea zabaldu du. Interesdunek Durangoko Udalaren Kontratatzailearen Profilean aurkeztu beharko dituzte eskaintzak. Eskerak egiteko epea abuztuaren 18an amaituko da, 15:00etan.