Etartiek dendaren kokalekua aldatuko du behin-behinean

Ekaitz Herrera 2025ko uzt. 10a, 11:47

Merkatua berritzeko lanak direla eta, Kurutziaga eta Andra Mari kaleen lotunera lekualdatuko dira uztailaren 17an. 

Durangoko Udalak merkatu plaza berritzeko lanak hasiko ditu uztail erdialdean. Hori dela eta, lanek iraun bitartean, hornidura-azokako dendariek jarduera ekonomikoarekin zer egin erabaki behar izan dute. Merkatuko harategiak, urdaitegiak, arrandegi biek eta ozpinetako saltzaileak aktibitatea eten behar izan dute behin-behinean. Alabaina, Etartie dendako kideek euren jardueragaz jarraitzea erabaki dute: hornidura-azoka hilabete batzuetan zarratuta egongo denez, euren denda lekualdatuko dute behin-behinean, obrak amaitu eta postu berria estreinatu arte. Uztailaren 17tik aurrera, Andra Mari, Kurutziaga eta Kanpatorrosteta kaleek bat egiten duten lokalean egongo dira ohiko jeneroa saltzen, garai bateko Eguren dendan. "Gure jenero propioa saltzen dugu, eta udan gaudenez, are gehiago dugu saltzeko. Ortua eman eta eman dabil; piper eta tomate sasoia da. Horregaitik, jenero horri guztiari, arrautzei, gaztari, jogurtei... irtenbidea emateko, behar-beharrezkoa genuen salmenta puntuari eustea", azaldu du Urdaspal Alberdik. Momentu honetan, behin-behineko dendari azken ukituak ematen dabiltza. Inbertsioari aurre egiteko oihalezko poltsak kaleratu dituzte, eta bezeroen eskura ipini. 

Aurreikuspenen arabera, merkatu plaza berritzeko lanek hilabete bi iraungo dute, eta bukatutakoan, saltoki berritua estreinatuko du Etartiek: "Ez da merkatu plazako postu klasikoa, mostradore hutsa, izango. Erosleak ibilbidetxo bat egin ahal izango du dendan, produktuen artean kuriositatea asez" iragarri du Alberdik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!