Zorion Zabala buru duen DRT Zaleak hautagaitzak hartu du Durango Rugby Taldearen gidaritza

Anboto 2025ko uzt. 11a, 13:15

DRT Zaleak taldeak orain astebete eskainitako prentsaurrekoko irudia.

Atzo zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko egindako batzarrera hautagai bakarra aurkeztu zen.

Atzo Durango Rugby Taldeak bazkideen ohiko eta ez ohiko batzar bana burutu zituen Goienkalen duen egoitzan. 60 bazkide inguru bertaratu ziren. Ohiko batzarrean ixtear den denboraldiko kontu ekonomikoak eta datorren denboraldiko aurrekontuak onartu zituzten. Ondoren, ez ohiko batzarra hasi zen DRTko zuzendaritza batzordea hautatzeko. 

Hautagaitza bakarra aurkeztu zen, DRT Zaleak taldea, eta bertako kideek osatuko dute zuzendaritza berria, DRTk ohar batean azaldu duenez. Zorion Zabala izango da lehendakaria eta Virginia Sagarduy lehendariordea. Beste kargu batzuk honako hauek dira: Idazkaria, Reyes Goikoetxea; diruzaina, Gotzon Gomez; bokalak, Aitor Iriondo, Urko Bidaurrazaga, Elene Rementeria, Uribarri Barrutieta eta Nerea Lasa. Zabalak aurrera begira dituzten asmoen berri eman zien bertaratutakoei. Ondoren, lau urteetan klubeko lehendakari izandako Jose Ignacio Azurmendi 'Txusmen'-ek hartu zuen hitza batzorde berriari ongi etorria emateko eta azken urteetan beragaz ibilitako zuzendaritza taldeko kideei esker ona adierazteko.

Atzoko batzarreko irudia. (Argazkia: DRT)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!