DRT Zaleak taldeak hautagaitza aurkeztu du Durango Rugby Taldeko lehendakaritzarako

Anboto 2025ko uzt. 3a, 20:31

Gaurko agerraldiko irudia.

Durango Rugby Taldearen "nortasuna, kirol hazkundea eta gizarte proiekzioa indartzeko" asmoz, DRT Zaleak plataformak ofizialki iragarri du 2025eko uztailaren 10ean egingo den hauteskunde prozesuan parte hartuko duela, lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuta.

DRT Zaleak taldeko kideek agerraldia egin dute gaur euren hautagaitza aurkezteko. Plataformako kideak diren Zorion Zabalak eta Virginia Sagarduyk eman dituzte azalpenak.  

DRT Zaleak plataforma 20 pertsonak osatzen dutela adierazi dute, guztiak DRTrekin "lotura estua" dutenak: jokalariak, jokalari ohiak, entrenatzaile eta entrenatzaile ohiak, bazkideak eta klubarekin kolaboratzen duten erakundeetako ordezkariak.

Hautagaitza aurkezteko hainbat arrazoi zerrendatu dituzte. Lehenengo eta behin klubaren aldetik "erlaxazio bat" ikusi dutela azaldu dute eta egoera horri buelta emateko "bultzada" bat emateko prest daude, Zabalaren esanetan. 

Beste arrazoi bat kirol arloa da. "Kirol arloan gehiago hazi daitekeela uste dugu, harrobikoak lehen taldera heltzen direnean Durangon kirol proiektu argi bat izan dezaten", Sagarduyren esanetan.

Beste puntu baten DRTk herrian duen oihartzuna hobetzeko beharra azpimarratu dute. "Lehen klubak Durangon izen bat zuen, jende askoren ahotan zegoen, eta orain hori apur bat galduta dago. Arlo horretan lanketa bat egin gura dugu", adierazi du Zabalak.

Irabaziz gero, lan egiteko eredu "horizontala" sustatuko dutela diote, "batzordeen arteko hartueman estua eta parte hartzea" bultzatuz.

Azkenik, kudeaketa ekonomikoa "indartzeko" asmoa dute. "Horretarako babesle berriak lortzeko eta bazkide berriak egiteko hartuemanetan gabiltza", adierazi du Zabalak.

Plataformaren esanetan hauek dira zehazki proiektuaren ardatz nagusiak: klubaren kudeaketan gardentasuna lehenestea, klub irekia sustatzea, bazkideen eta kideen iritziak entzungo dituena, jokalari, entrenatzaile eta epaileentzat prestakuntza-ibilbideak bultzatzea, errugbi taldeen lehiakortasuna indartzea, erakundeekin eta enpresekin aliantza estrategiko berriak sortzea, kudeaketa ekonomiko iraunkorra eta parte-hartzailea garatzea eta Durangaldeko elkarteekin harreman sendoak bultzatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!