Diru bilketa hasi dute, 40 Minutu Rock jaialdiak aurrera egin dezan

Anboto 2025ko uzt. 2a, 20:37

Ezezagunek jaialdiaren material elektriko guztia lapurtu dute, eta 10.000 eurotik gorako kalte ekonomikoa eragin diote festibalari. Orain, antolatzaileek kanpaina bat hasi dute norbanakoen eta elkarteen diru ekarpenak jasotzeko. "Herri osoaren bultzada" behar dutela nabarmendu dute.

40 Minutu Rock jaialdiak ekarpen ekonomikoak jasotzeko kanpaina hasi du, festibala antolatzen jarraitu ahal izateko. Argi eta garbi ohartarazi dute arratsalde honetan egindako kontzentrazioan: "Momentu honetako egoeran, material lapurreta honek erabat zailtzen du gure egitasmoa aurrera eramatea, eta ezin dugu 40 Minutu Rock aurrera atera". Horregatik, galera horri aurre egin ahal izateko diru bilketa hasi dute. Itsulapikoa.eus atarian eta Bizum aplikazioan zabaldu dituzte ekarpenak egiteko bideak (12260 kodea, azken horretarako). Izan norbanako ala kolektibo, "herri osoaren bultzada" behar dutela nabarmendu dute. 

Jaialdiko antolatzaileek astelehenean eman zuten gertaturikoaren berri: ezezagunek material elektriko guztia lapurtu zuten, eta 10.000 eurotik gorako galera ekonomikoa eragin diote festibalari. Gogorarazi dutenez, jaialdia irabazi asmorik barik antolatzen dute urtero, eta bertan sortzen diren etekin guztiak "euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko borrokara" bideratzen dituzte. Festibalaren hurrengo edizioa otsailaren 21ean ospatuko da Landako Gunean. Edizio berezia izango da, 40 Minutu Rockek bere 10. urtemuga ospatuko du-eta. "Aldarrikapenak ozen entzun daitezen" egingo dute lan, eta herritarrak gonbidatu dituzte "hausnartzera zein babes kolektiboa antolatzera, herri ekimenak babestea denon ardura baita".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!