Durangoko 'Kaletik Gaztetxera' dinamikako kideek Montorreta kaleko lantegi bat okupatu eta gaztetxea atontzeari ekin zioten duela egun gutxi; gaur, agerraldia egin dute hemendik aurrerakoen berri emateko. Batetik, gaztetxearen lan-ildo nagusiak plazaratu dituzte: proiektua "irabazi kapitalistek ardaztuko ez duten aisialdi eredua sortzeko" baliatuko dute, eta "denontzat eskuragarriak izango diren arte eta kirol eskaintzak" sortzeaz arduratuko dira. Bestetik, gaztetxea gazteen "politizaziorako zein antolakuntza politikoa sustatezko borroka tresna" izatea gura dute, eta argi dute eremu horretan ez dutela "inolako eraso matxista, faxista, arrazista edo LGTBIQ+ pertsonen aurkakorik" onartuko. Funtsean, gaztetxea "gorakada erreakzionarioa borrokatzeko" tresna izatea gura dute.
Alabaina, proiektu horiek guztiak gauzatu ahal izateko hainbat "oztopo" dutela ere jakinarazi dute. Euretariko bat eraikinaren jabeekin loturikoa da: "Jabeetako batzuk, beste zenbaitek elkarrizketarako borondatea erakutsi badute ere, eraikinetik bota nahi gaituzte elkarrizketari ateak itxita", diote. Horrez gainera, beste oztopo bat Durangoko gobernu taldea dela diote: "Publikoki herriko gazteen arazoei erantzuteko promesak egiten dituen arren, abenduan egin zuen moduan, bere baliabide guztiak erabiltzen ari da gazteen antolakuntza oztopatzeko: jabeak presionatzen ari da salaketa jarri dezaten, eta poliziaren bidez asanblada espaziotik kanporatzen saiatu da".
Mobilizazioa
Horiek guztiak direla eta, Kaletik Gaztetxerak beharrezkotzat jo du gaztetxeen aldeko elkartasuna antolatzea. Bide horretan, "jabetza pribatua babesten dutenen aurrean tinko erantzuteko beharra" azpimarratu dute. Durangoko gazteria deitu dute datozen egunetan "gaztetxera bertaratzeko eta borrokara batzeko", baita ekainaren 21ean, arratsaldeko 18.00etan, gaztetxetik irtengo den manifestaziora batzeko ere.