Jokin Camarero eta Lander Barruetabeña durangarrek Euskadiko selekzioagaz Portugalen kontra jokatuko dute, Landako kiroldegian

Anboto 2025ko eka. 12a, 13:09

21 urtez azpiko selekzio bien partidua ekainaren 20an izango da.

Juanjo Morenoren oroimenezko III. Klinika aurkeztu dute gaur. Ekimen bat honako hau da: 21 urtez azpiko Euskadiko eta Portugalgo selekzioek elkarren kontra jokatuko dute ekainaren 20an, 19:00etan, Landako kiroldegian.

Portugal maila handiko selekzioa dela nabarmendu du Luis Mari Sautu Euskadiko Saskibaloi Selekzioko presidenteak. "B mailako Europako Txapelketa prestatzen dabiltza eta mailaz igotzeko faboritoak dira. Portugalgo hainbat jokalarik NCAA-n [AEBko unibertsitate liga] jokatzen dute".

Euskadiko selekzioan etxeko jokalari bi daude: Jokin Camarero (Durango, 2005) eta Lander Barruetabeña (Durango, 2006). Biak Tabirako klubean dabiltza. Camarerok bere orain arteko  ibilbidea Durangon egin du. Barruetabeña aurten itzuli da etxera, Bilbao Basketeko harrobian emandako etaparen ostean. Biek hainbat bider jokatu dute Euskadiko selekzioarekin, mailaz maila. Badakite Portugalen kontrakoa erronka gatxa dela, baina dena emateko prest daude: "Selekzio potentea da, baina orain hiru urte gu Portugalera joan ginenean han jokatutako bi partiduak irabazi genituen. Hura errepikatzea espero dugu",  azaldu du Camarerok.

"Guretzako ohore handia da Durangon horrelako kirol ekintza bat izatea", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak. Tabirako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioaren lana ere goraipatu du. "Eskerrik asko denon artean Durango saskibaloiaren erreferente eta hazitegi bihurtzeko ahalegin honengatik".

Saio teknikoa eta solasaldia

Juanjo Morenoren oroimenezko egitaraua beste ekintza birekin osatuko da. Biak ekainaren 21ean izango dira, San Jose Jesuitak ikastetxean. 10:00etan, Jaume Ponsarnau Surne Bilbao Basketeko entrenatzaileak formakuntzako saio tekniko bat eskainiko du. Ondoren, 12:00etan, Fernando Romay jokalari ohi ezagunagaz solasaldia antolatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!