Atzo, ekainak 10, Espainiako Merkataritza eta Enpresa Ministerioak Barne Merkataritzako sariak banatu zituen Oviedon (Asturias). Bertan, Dendak Bai merkatarien elkarteak accesit saria lortu zuen, Merkataritza Zentro Irekien kategorian. Sarian, elkartearen ibilbidea eta merkataritza eredu moderno eta iraunkorra txalotu zituzten, baita herritarrekiko lotura ere. Ekitaldian izan ziren, halaber, elkarteko Alex Palacios arduraduna, Miren Garrastazu merkataritza teknikaria eta Durangoko Udaleko Izaskun Gomez merkataritza teknikaria. "Aitortza hori Dendak Bai-ren bulegotik egunero egiten den lanari esker izan da posible, lau laguneko talde batek osatutakoa, gure Zuzendaritza Batzordearen konpromisoari esker eta elkartea osatzen duten establezimendu guztien inplikazioari esker", nabarmendu du Palaciosek.
Dendak Baiko kideek jakinarazi dutenez, sariketako epaimahaiak elkarteak bezeroei ematen dien balioa eta zerbitzuen alde egindako apustua goraipatu ditu. Honako hauek nabarmendu dituzte, elkarteak bultzatutako zerbitzu nagusien artean: etxez etxeko banaketa, adimendun leihatilak, Durango Txartela, Durango Oparitu eta AMARI Durango.
40 urte merkataritza sustatzen
Elkarteak pozarren hartu du aitortza, eta gogoratu du aurtengo hau 2021eko sariari batzen zaiola. Elkarteak 40 urte baino gehiago daramatza Durangoko eta Iurretako 200 establezimenduri baino gehiagori zerbitzua, aholkularitza eta bultzada eskaintzen.