Trontza mistoko txapelketan nobedade bat dago: hiru enborretako bat bertikalean ipiniko dute. Beraz, enbor horretan bikoteek alde batetik bestera egin beharko dituzte mozketak, goitik behera barik. Trontza mistoan lehenengoz egingo dute horrela, ikusgarritasuna handitzeko.
Lau bikote lehiatuko dira. Garbiñe Lopez de Uraldek eta Ion Lapazaranek iaz irabazitako txapela defendatuko dute. Beste bikote bat Otxandion bizi den Ruth Linaza lemoarrak eta Kimetz Lapazaranek osatuko dute. Azken hori Ionen semea da. Gainerako bikote biak hauek dira: Miren Eizmendi-Oier Aizkorbe eta Sara Jimenez de Aberasturi-Mikel Gonzalez.
Lasto altxatze txapelketak hiru parte hartzaile izango ditu, iaz baino hiru gutxiago: Beñat Amade bizkaitarra eta Oier Gonzalez eta Mikel Gonzalez arabarrak.
Askotariko ekimenak
Kirol Eguneko egitarauaren barruan, bihar helduentzako gimnasia eta yoga saioak ere egongo dira, besteak beste. Bestalde, domekan, 12:00etan, Zumbathon saioa hasiko da. Egun bitan kalistenia saioak izango dira Ibaizabaleko parkean, 11:00etan.