Zer helburu duzue txapelketan?
Txapela urrun ikusten dut. Izena eman dutenen artetik, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran puntutxo bat gorago daudela uste dut. Ion Abadiño Sokatira Taldeagaz munduko txapelketak irabazitakoa da eta sega munduan ere erreferente bat da. Garbiñek 30 urte daramatza trontzan, eta txapel asko ditu. Beraz, Kimetzek eta biok lan txukun bat egitea dugu helburu.
Zelan ikusten duzu enbor bertikala mozteko lana?
Emakumeetan edo mistoan sekula ez da enbor bertikalik moztu. Beraz, erronka handia da, lan desberdina delako. Teknika aldatu egiten da, exijentzia handiagoa eskatzen du, eta beste prestakuntza mota bat. Alde horretatik, ikusgarriagoa izan daiteke. Hori positiboa da. Baina, beste aldetik, alde negatiboa hau izan daiteke: iaz zortzi bat bikotek eman genuen izena, eta aurten lau baino ez gaude. Plaza da, ez da hainbeste beteko. Zein izan daiteke arrazoia? Ebaketa horizontaletan eta bertikaletan erreminta diferenteak erabiltzen ditugu. Trontza garestia da. Trontza on batek 3.000 euro balio dezake. Gastu izugarria da. Eta diru laguntzak herri kirol nagusietara bideratzen dira normalean: aizkorara, harri-jasotzera…
Zelan baloratzen duzu txapelketa Durangon izatea?
Garrantzitsua dela uste dut. Plazak herri handietara eramatea inportantea da. Herri txiki batean baino jende gehiagok ikusiko du Durangon. Azken batean, durangarrek zenbat bider ikusi ahal izan dute bertatik bertara trontza saio bat? Herri kirolei halako ikusgarritasuna ematea garrantzitsua dela uste dut.