Danel Arteagaren eta Bart... Sax! taldearen emanaldi berezia Plateruenean, barikuan

Anboto 2025ko eka. 4a, 08:34

Jazz, swing eta pop-rock doinuz osaturiko kontzertua eskainiko dute, ekitaldirako berariaz moldatutako hainbat konposizio lagun. Emanaldia 19:00etan hasiko da. Sarrera doakoa da. 

Bariku honetan, jazz, swing eta pop-rock doinu dotoreenekin jantziko da Plateruena. Bart...Sax! taldeak kontzertu berezi-berezia eskainiko du, Danel Arteaga abeslaria lagun. Hurrengo geltokirantz kantuz! izenburupean, emanaldi hurbil eta kalitatezkoa eskainiko dute, herritar guztiei zuzendurikoa. Horretarako, dozena bat kantu batu dituzte errepertorioan. Doinu anitzak entzun ahal izango direla iragarri dute musika taldeko kideek.

Arestian esan bezala, kontzertua berezia izango da,  Musika Eskolako saxofoi-taldeak Danel Arteaga abeslari sondikarra izango du-eta emanaldiko epizentro. Arteagak Leioako Musika Eskolan hasi zuen bere ibilbidea, eta Kantika Koral ospetsuko kide izandakoa da. Nazioarteko hainbat biratan parte hartu du, eta bere dohaiak hainbat bider erakutsi ditu telebista-saio mediatikoetan, ETB1eko Ztandan eta Espainiako Antena 3 telebista-kateko La Vozen, zehazki. Emanaldiotan, etxeko ikus-entzuleek haren ahotsaren kalitatea eta sentsibilitatea nabarmendu ahal izan zuten. 

17 urteko ibilbidea

Arteagaren ahotsari oinarria ipiniko diona Bart... Sax! izango da, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako eta Kontserbatorioko saxofoi-gelako ikasleekin osaturiko proiektua. Taldea Itziar Castrillo irakasleak sortu zuen, eta hark gidatu du taldearen hasieratik honako bilakaera. Urte hauetan guztietan, hainbat proieku landu dituzte, besteak beste, musika latindarragaz osaturiko saio monografikoak, zinemako soinu-bandetak oinarritutako emanaldiak, 70eko hamarkadako erritmo dantzagarriak eta jazzaren historia aletzeko saioak. Horrez gainera, duela gutxi Durangaldeko kioskoetako bira egin zuten eskualdeko udalerrietan. Taldeak, Gernikan, Larrabetzun, Durangon, Berrizen, Abadiñon, Elorrion eta Andetxan (Gasteiz, Araba) eskaini ditu kontzertuak. Gainera, emanaldi solidarioak ere eskaini dituzte, hala nola Rio de Ororen eta La Cuadri del Hospiren alde. 

Barikuko emanaldia Plateruenean izango da, eta 19:00etan hasiko da. Sarrera doakoa da. Durangoko Udalak herritarrak deitu ditu saiora hurbildu eta emanaldiaz gozatzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!