[ARGAZKI GALERIA]: Santiago Bañonek irabazi du Stop Bide Indarkeriaren argazki lehiaketa

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 30a, 14:03

Argazkilari nafarrak ¡Silencio! Se rueda! lanagaz irabazi du lehiaketako sari nagusia. Stop Bide Indarkeria elkarteak mugikortasun arduratsuaz eta seguruaz kontzientzia hartzera deitu du.

Duela hilabete batzuk, Stop Bide Indarkeria elkarteak mugikortasun arduratsuaz kontzientziatzeko argazki lehiaketa ipini zuen martxan, Ikusi eta ikasi, eta gaur, haren sari banaketa egin dute Durangoko Kurutzesantun. Elkarteko presidente Rosa Trinidad, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietako ordezkariak eta Durangoko ordezkari politikoak izan dira ekitaldian, baita argazki lehiaketako sariren bat eskuratu dutenak ere.

Trinidadek jakinarazi duenez, aurtengo sariketara 129 argazki aurkeztu dira. Lehenengo saria Santiago Bañonek irabazi du ¡Silencio! ¡Se rueda! lanagatik; bigarrena, Jon Santandreuk, Kontzienteki bidaiatzea lanagaz; hirugarren lekua Oscar Saavedrarentzat izan da. Azken horrek, Etorkizun garbiago baterantz argazkiagaz irabazi du hirugarren lekua. Lehenengoak bizikleta tolesgarri bat eta 100 euroko garraio publikoko bonua iarabazi ditu. Bigarrenak, kirolerako arropa ekipatzeko 600 euroko bonua eta garraio publikoan erabiltzeko 100 euroko bonua. Hirugarrenak, 300 euroko bidaiak eta garraio publikoan erabiltzeko 100 euroko bonuak jaso ditu

Lehiaketara 129 lan aurkeztu diren arren, epaimahaiak euretako 12 izendatu ditu finalista, eta erakusketa ibiltaria eratu dute horiekin guztiekin. Momentu honetan, argazkiok Kurutzesantun daude ikusgai. Gerora, egun batzuk igarota, Arabara, Gipuzkoara eta Bizkaiko beste zenbait bazterretara lekualdatuko dute bilduma.  

Mugikortasun arduratsua helburu

Stop Bide Indarkeria elkarteko Rosa Trinidad presidenteak mugikortasun arduratsu, seguru eta jasangarriaz kontzientzia hartzera deitu du. Lehiaketako babesleek ere bere egin dituzte Trinidaden berbak. Durangarrarekin batera, bertan izan dira Marian Gutierrez, Aitor Etxebarria eta Silvia Perez (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako azpiegitura zuzendariak hurrenez hurren), Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria eta Idoia Barroeta, Lagun Aro aseguru-etxeko pertsonen zuzendaria. Era berean, ekitaldian parte hartu dute Durangoko udal ordezkari politikoek, Mireia Elkoroiribe alkatea buru. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!