Elkartean baturiko 30 kidek lau pintxo puntuatu zituzten: sukaldari bien pintxo hotza eta pintxo beroa. Lehiaketa Zigor Gerediagak irabazi zuen, baina estu-estu geratu zen atzetik Ortzi Egia. Edozelan ere, batak edo besteak irabazi, sukaldari biek lehiaketako lagun-giro aparta goraipatu dute. ANBOTOk sukaldari biak elkarrizketatu zituen jokoa amaitu berritan.
Zuek estreinatu duzue Napar txokoko pintxo lehiaketa. Zelako esperientzia izan da?
Zigor Gerediaga: Ondo joan da. Bakoitzak bere erritmoan kozinatu du, eta oso ondo moldatu gara. Gustura ibili gara.
Ortzi Egia: Gainera, lehiaketako azken minutuak elkarlanean egin ditugu, talde lanean. Dena dela, lehiaketaz gainera, lagun artean sorturiko giroa da balio duena. Jendeak ondo pasatu du, eta baita guk ere, nahiz eta presioak eraginda sufrimendu puntu hori bizi izan dugun. Baina tentsio hori beharrezkoa da gauzak ondo egin ahal izateko.
Izan duzue aukerarik batak bestearen pintxoak dastatzeko?
Z. G.: Jakina! Ortzirenak gozo-gozoak izan dira!
O.E.: Niri ere asko gustatu zaizkit Zigorrenak. Lehenengoa oso fina iruditu zait. Bigarrenaren zaporeak ezagunagoak egin zaizkit, baina gauza bakoitza bere puntuan egon da, okela bere puntuan, kanela bere puntuan...
Zer aurkeztu duzue lehiaketara?
Z.G.: Sukaldari bakoitzak pintxo hotz eta pintxo bero bana prestatu dugu. Nire pintxo hotza txangurroagaz barrubeteriko panipuria izan da. Eta beroa tatin moduko bat, masail, kanela, txanpiñoi eta porru deshidratatuagaz.
O.E.: Nire pintxo hotzak antxoa izan du oinarri, sagardotan eta sagar-ozpinetan marinatutako antxoa. Tostadatxo baten gainean aurkeztu dut, oliozpin pikantetxo bategaz lagunduta. Pintxo beroan ere arraina izan dut oinarri, koipe ikutu bat lagun. Hirugiharretan baturiko zapoa izan da pintxoa, plantxan egina, eta zizadun menestra bategaz lagundu dut.
Buruko min handia izan da lehiara zer pintxo aurkeztu erabakitzea?
Z.G.: Egia esan, egunak eman ditut zer prestatu pentsatzen eta etxean probak egiten.
O.E.: Ni ere halantxik ibili naiz. Gatxena pintxoa erabakitzea izan da. Etxeko errezeta liburuak irakurtzen ibili naiz, Arzakenak eta Subijanarenak tartean. Ai ama! Ez dago dendarik euren pintxoetako osagaien zerrenda osoa eskuragarri duenik!
Napar txokoan egin duzuena estrapolagarria da beste txokoetara?
Z.G.: Polita litzateke halako lehiaketa bat antolatzea Durangoko txokoen artean. Zergaitik ez?
O.E.: Bat nator. Oso polita litzateke horrelako zeozer egitea.