Durangoko zaintza diagnostikoak ez du "benetako premien irudikapenik" egiten, EH Bilduk dioenez

Anboto 2025ko mai. 22a, 08:54

Durangoko EH Bildu kritiko agertu da gobernu taldeak duela gutxi aurkeztutako zaintza diagnostikoarekin. Txostena "adierazpen orokorretan" geratzen dela esan dute, "udalerriak benetan behar dituen konponbideetan sakondu gabe". Zahaintza Mahaia eratzea eskatu diote, ostera ere, udalari.

Durangoko EH Bildu kritiko agertu da udalak herriko zainketa beharrizanei buruz egindako diagnostikoarekin. Diotenez, txostenean jasorikoak "adierazpen orokorretan geratzen dira, udalerriak benetan behar dituen konponbideetan sakondu gabe". Hau da, diagnostikoaren arabera "zaintzaren feminizazioa eta baliabide eta zerbitzu publikoen eskasia" agerikoa dela dio koalizioak, baina horiek konpontzeko "ekintza planik" jasotzen ez dela esan dute: "Datu espezifikorik ez dagoenez eta elkarrizketa gutxi egin direnez (47 inkesta baino ez), ezin da ikuspegi argirik lortu, ez eta zaintzaileen eta zaintza behar duten pertsonen benetako premien irudikapen zehatzik ere". Hori guztia dela eta, txostena "formalismo hutsa" izan da, subiranisten berbetan.

Horren aurrean, EH Bilduk Zaintza Mahaia sortzeko eskaera egin dio atzera ere gobernu taldeari, eragile feministekin, erakundeekin eta sektoreko profesionalekin elkarlanean. Era berean, "zaintzarako espazio komunitario gehiago sortzea" proposatu dute: "Bada garaia Durangoko udal gobernua zaintzaileen eta herrian zainketak jasotzen dituztenen egoeraz arduratzeko", esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!