Durangoko Zaintza Komiteak agerraldia egin du arratsalde honetan, udalari "bizitzak hobetzeko politikak" exijitzeko. "Zaintzen gaituen herria gura dugu, eta udalak asko du egiteko horretan", kritikatu dute. Herriko zaintza zerbitzuen egoera "eskasa" dela azpimarratu dute, eta langile profesionalen lan-baldintzak "oso prekarioak" direla gaineratu. Era berean, egoera hori larritzen dabilela ohartarazi dute: "Geroz eta herritar gehiago dago bazterkeria egoeran, eta arreta beharrizanak gorantz doaz etengabe".
Durangoko Udala herriko zaintza beharrizanak aztertzeko diagnostikoa egiten hasi zen iazko irailean, eta azterlan horren ondorioak jakinarazi ditu duela aste batzuk. Alabaina, ikerlan hori "ez da durangarren beharrizanetara hurbildu", Zaintza Komitearen esanetan: "Datu orokorrak batu dituzte bertan, Euskal Autonomia Erkidego mailakoak gehienak, hau da, ez da herriko errealitatea islatu. Ez dakigu zein den menpekotasun egoeran dauden herrikideen egungo egoera. Ez dugu ezagutzen zein beharrizan dituzten zaintza langileek", adierazi dute.
Aitzitik, txostenaz gaindiko errealitatea "bestelakoa" dela esan dute. Hainbat adibide eman dituzte horretarako; honako hauek, besteak beste: "Joxemiel Barandiaran egoitzan, gauero, 113 egoiliar zaintzeko 3 langile egoten dira bakarrik; ez dira langileen bajak kubritzen; Astarloa egoitzako igogailua denbora luzez egoten da apurtuta; egoitzetan, esnatu, garbitu, altxatu, jantzi eta gosaltzera eramateko hamar minutu besterik ez dituzte langileek; interna egoeran dauden langileak asteko egun guztietak 24 orduz kontraturik barik lanean dabiltza modu ikusezinean".
"Borondate politikoa"
Zaintza Komitearen arabera, udalak zaintzaren arloan "eskumenik ez" duela adierazi izan du "behin eta berriz", baina horiek guztiak "borondate politikorik bako aitzakiak" direla iritzi diote. Alde horretatik, "beste udal batzuetan egindakoa" begiratzera deitu dute udala. Besteak beste, "etxeko eta zaintza langileen lan-baldintzak hobetzeko, kontziliazio neurriak malgutzeko" eta "etxez etxeko zerbitzua publifikatzeko" aukerak ipini dituzte mahai gainean.
Aurrerantzean ere "bizitza duinen aldeko borrokan" jarraituko dutela iragarri dute bertaratuek.