Goiz honetan, Durangoko bizikletentzako lehenengo aparkaleku estali eta itxia inauguratu dute udalerriko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek: herritarrek erabilgarri daukate BiziPark zerbitzua, beren bizikletak modu seguruan gordetzeko instalazioa. Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "tamaina txikiko azpiegitura da, baina balio handikoa, bizikleta eguneroko garraiobide legez sustatzen lagunduko duelako", batetik, eta "mugikortasun jasangarri eta garbia bultzatuko delako", bestetik. Hori dela eta, alkateak bizikleta garraiobide legez erabiltzera deitu ditu herritarrak, berdin "lanera, ikastera, erosketak egitera edo bestelako aktibitateak egitera" joateko.
Azpiegitura Sanagustinalde kalean ipini dute, San Agustin kulturgunearen pare-parean. Alde Zaharraren gertutasunagatik eman diote kokaleku hori, alkatearen esanetan, "Bredako unibertsitateko ikasleen ikerketa batek bizikletentzako aparkaleku estalien kokapenik egokiena Alde Zaharra zela ondorioztatu baitzuen". Izan ere, herriko beste hainbat eremutako etxebizitzak irisgarriagoak dira bizikletak gordetzeko, Alde Zaharreko etxebizitzetan ez da-eta hain ohikoa "trastelekuak, igogailuak eta garajeak" egotea.
Nola erabili
Durangarrek Bizkaiko Foru Aldundiaren web atariaren bitartez inskribatu ahalko dute zerbitzuan: durango.bizipark.eus, atarian hain zuzen ere. Erabiltzaileek plaza eskatu beharko dute aplikazio espezifiko baten bidez, eta aukeratutako modalitatearen araberako tarifa ordaindu. Lau bonu mota ipini dituzte eskuragarri: hilekoa (4 euro), hiruhilekoa (10 euro), seihilekoa (20 euro) eta urtekoa (40 euro).
Plaza kopuru mugatua da, 24 bizikletentzako lekua baitago. Eskatzaileen kopuruak eskainitako leku kopurua gainditzen badu, zozketa egingo duela iragarri du Durangoko Udalak. Edozelan ere, zerbitzua "arrakastatsua" bada, gisa bereko azpiegitura gehiago eraikitzeko aukera mahaigaineratu du alkateak.
Gero eta gehiago
Sonia Perez foru diputatuaren arabera, momentu honetan 10 dira Bizkaian martxan dauden BiziPark aparkalekuak. Euretariko bi eskualdean daude (Abadiñokoa, Traña-Matienako tren geltokiaren ondokoa, eta gaur Durangon inauguraturikoa). Aurrerantzean ere, ildo berari jarraituko diotela iragarri du Perezek. "Bizkaian 15 BiziPark instalatuta amaitu gura dugu urtea", zehaztu du. "Bizikleta eguneroko garraiobide legez erabiltzea lortzen gabiltza apurka-apurka. Gainera, argi daukagu joera hori intermodalitatearekin, trenekin, autobusekin, konbinatu behar dugula", nabarmendu du Perezek.