Durangoko Udalak eta Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak (Herbehereak) jasangarritasunari begirako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordio horren arabera, unibertsitateko ikasle talde batek Durangoko mugikortasunari, hirigintzari eta iraunkortasunari loturiko proiektua garatuko du lau hilabetez. Honako hau izango da helburua: bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea eta udalerriko iraunkortasuna hobetzea.
Ikertzaile gazte horiek astebeteko egonaldia egin dute Durangon, proiekturako informazioa batzen. Aurrerantzean baina, programa bi garatuko dituzte. Batetik, lau hilabetetan zehar, bizikletak aparkatzeko estrategia, berdeguneak, klima eta osasuna aztertuko dituzte, horrekin, Durangon bizikleta partekatzeko sistema bat ezartzeko asmoz. Bestetik, hirigintzari eta mugikortasunari loturiko proiektua garatuko dute.
Durangoko Udalak ohar bidez eman du akordioaren berri. "Oso lankidetza interesgarria da, ikertzaile gazte horien ezagutza eta esperientziaz baliatzeko aukera ematen diguna, ondoren, Durangon mugikortasunaren eta jasangarritasunaren esparruetan diseinatzen dituzten konponbideak aplikatu ahal izateko", azaldu du Mireia Elkoroiribe alkateak.
Ikerketaren emaitza, apirilean
Bredako Unibertsitateko ikasleek apirilean aurkeztuko dituzte proiektuaren emaitzak, fakultatean. Horren ondoren, azterlanak Durangoko Udalaren esku utziko dituzte, horiei aplikagarritasuna emateko asmoz.