[ARGAZKI GALERIA]: 'BEST Durango' topaketa, iruditan

Anboto 2025ko mai. 12a, 13:32

Durangoko eta eskualdeko emakume sortzaileek "norantza bateratu, iraunkor eta egonkor bat markatzeko beharra" dutela ondorioztatu zuten zapatuko jardunaldian. (Argazkiak: Zelako kultur ideiak)

Zapatuan, maiatzak 10, Durangoko emakume sortzaileen topaketa egin zuten Plateruenean: BEST Durango. Jardunaldiak 16 sortzaile batu zituen, goizetik arratsaldera arteko egitarauan. Egunari gogoetak partekatuta ekin zioten. Han baturikoek "identitate sortzailearen eraikuntza, emakumeen ikusgarritasuna sormen arloan, espazio publiko eta kulturalen erabilera eta eskuragarritasuna, kulturaren kudeaketa burokratikoa eta transmisio ereduen kolektibizazioa", izan zuten ahotan. Horrez gainera, ondorio nagusi bi atera zituzten mahai-inguruetatik: "norantza bateratu, iraunkor eta egonkor bat markatzeko beharra", batetik, eta taldean lan egiteak sorkuntza artistikoan eta kultur egituretan dakarren indarra, bestetik. 

Arratsaldeko saioan, aldiz, ekintza artistikoak taularatzeko tartea hartu zuten. Leire Vargasek gidatutako Berbak Sare poesia-errezitaldian Ane Falagan, Arrate Erdoiza, Irati Gallastegi eta Maria Cid idazleek parte hartu zuten. Ondoren, Garazi Maginagoitiak bakarrizketa bat eskaini zuen; amaitzeko, Eukene Callado musikari gazteak jazz kontzertua taularatu zuen.

Egunari hausnarketa kolektibo batekin eman zioten amaiera: “Gu gara BESTeak, ez gaude erdigunean, baina elkarrekin gaude.”

MAHAI-INGURUETAN ESANAK:

Egitasmoaren antolatzaileen esanetan, sortzaileek honako azpimarra hauek egin zituzten hitz-hartzeetan:

  • Maite Lopez (aktorea): “Sortzeak eta egiteak egiten zaitu sortzaile”, (identitate sortzailearen eraikuntzaz)
  • Karolina Suarez (kazetaria): “Kostatzen zait nire burua emakume sortzaileen kolektiboan sartzea”, (sortzaile gisa lekua bilatzearen kontraesanez).
  • Irati Bilbao (musikaria): “Ahotsa historikoki emakumeen esparrua da” (emakumeen adierazpen esparru tradizionalen inguruan).
  • Erika Lagoma (bertsolaria): "Espazioak badaude... baina zein da norantza?” (espazio publikoaren erabilera eta norabidea azpimarratuz)
  • Arantza Arrazola (kultur programatzailea): “Administrazioa trasatlantiko bat da” (kultur egituren zurruntasunaz)
  • Marisa Barrena (dantzaria eta ekintzailea): “Taldean aritzen garen heinean lortuko dugu aurrera egitea” (lankidetzaren indarrari buruz)
  • Uribarri Atxotegi (dantzaria): “Zerbait egiteko pentsatu behar duzu daukazula zerbait esateko; behar da autoestimu kolektibo bat”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!