[BIDEOA]: Zapatuan 'BEST Durango' jardunaldia egingo dute Plateruenean, emakume sortzaileen topaketa

Ekaitz Herrera / Irati Otadui 2025ko mai. 6a, 15:24

Jardunaldiak emakume sortzaileen lana ikusaraztea eta ezagutaraztea izango du helburu, baita sortzaileak elkarrekin hartu-emanetan ipintzea eta sinergiak sortzea ere. Egitarau mardula prestatu dute. Askotariko hausnarketak eta sorkuntza artistikoak izango dira Plateruenean.

Durangoko eta eskualdeko emakume sortzaileek elkar ezagutzeko eta hausnartzeko ekitaldia egingo dute zapatu honetan, Plateruena Kultur Aterpean. Egitasmoak BEST Durango du izenburu, eta tokiko emakumeen sorkuntza lanari hauspoa eta ikusgaitasuna ematea du xede. "Izan ere, Bizkaian asko gara emakume sortzaileak, baina sarritan ez dugu elkar ezagutzen. Egitasmo honekin harremanak eta sinergiak garatu gura ditugu tokian tokiko emakume sortzaileen lana ikusarazteko", azaldu du goiz honetako agerraldian, Itxaso Payak, topaketaren antolatzaileetariko batek. 

BEST sorkuntza topaketa Bizkaiko beste hainbat lekutan egin izan dute lehenago (Getxon eta Bilbon), baina honako hau izango du bere lehenengo aldia eskualdean. Hori dela eta, Durangoko eta inguruko udalerrietako hainbat emakume sortzailek parte hartuko dute bertan. "Tokiko eta inguruko sortzaileak batuko gara. Helburua elkartzea da, elkarren esperientziak partekatzea, elkarrekin eraikitzen hastea", azpimarratu du Payak. Halaber, topaketara hurbiltzeko kartelek ildo horri jarraitzen diote, Amaia Egidazuk tokiko artistak aintzat hartuta egin ditu-eta afixok: Uribarri Atxotegi dantzaria, Gurutzi Arregi etnografoa eta Amaia Lejarreta artista plastikoa ageri dira karteletan. Sorkuntzok @bestopaketak instagram kontuan ikus daitezke, besteak beste.

Egitarau mardula

Zapaturako egitarau oparoa prestatu dute: goiz partean, berbak, hausnarketak, nagusituko dira aretoaz. Arratsaldean, aldiz,  berbetatik ekintzetara igarotzeko tartea izango dute. Emakume sortzaileek beren lanetariko batzuk taularatuko dituzte, izan musika, poesia ala bakarrizketa. Mahai-inguruetako batean, adibidez, Marisa Barrenak parte hartuko du: "Pozik jaso dut topaketan parte hartzeko gonbita, hain zuzen ere, dantza mundutik ailegatu baitzait proposamena. Inportantea deritzot dantzak bere tronua, lekua, izateari", azaldu du ekintzaile feministak, Kriskitin dantza taldeko kide ere badenak.

BEST Durangoren atzean Zelako Kultur Ideiak kooperatiba dago, Itxaso Paya, Maria Rivero eta Gorka Chamorro sortzaileek eraturiko kooperatiba. Era berean, Durangoko Udalak ere esku hartu du aurtengo edizioan. Hori dela eta, Jesica Ruiz berdintasun zinegotziak herritarrak deitu ditu zapatuan Plateruenera joan eta emakume sortzaileen lana balioan ipini eta eazgutzera: "Ekitaldi kulturala baino gehiago izango da, hausnarketa eta adierazpen artistikoa batuko dituena. Halako ekintzak, kultura eta berdintasuna uztartzea helburu dutenak bultzatzen jarraituko dugu udalean", nabarmendu du Ruizek. Iragarri dutenez, umeentzako zaintza zerbitzua eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo dira. 

EGITARAUA

  • 11:00 Harrera
  • 11:30 Mahai-ingurua: 'Txanpon baten truke'
    • Irati Bilbao (musikaria)
    • Maite Lopez (aktorea)
    • Erika Lagoma (bertsolaria)
    • Gidaria: Karolina Suarez
  • 13:00 Mahai-ingurua: 
    • Marisa Barrena (Dantzaria, Wikiemakumea)
    • Arantza Arrazola (Kultur kudeatzailea)
    • Maider G. Etxegibel (Dantza, Bagara kolektiboa)
    • Gidaria: Karolina Suarez
  • 14:30 Ondorioak
  • 15:00 Mokadua
  • 15:30 Poesia errezitaldi musikatua: 'Berbak sare'
    • Ana Falagan (Zornotza)
    • Maria Cid (Durango)
    • Irati Gallastegi (Elorrio)
    • Arrate Erdoiza (Durango)
    • Dinamizatzailea: Leire Vargas
  • 16:30 Bakarrizketa: Garazi Magunagoitia
  • 17:00 Ikuskizun musikala: Eukene Cayado
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!