Omenaldia sorpresa izan zen, ezta?
Bai, nik ez nekien ezer. Emazteak eta semeak bazekiten, baina ez zidaten ezer esan. Betiko moduan partiduak grabatzera eta argazkiak ateratzera joan nintzen. Nik grabatutako irudiak entrenamenduetan erabiltzen dituzte, jokaldiak aztertu eta akatsak zuzentzeko. Egia da normalean partiduetan ikusten ez dudan jendea ikusten nuela harmailetan. Jokalari ohi batzuk, adibidez. Baina, tira, etxeko azken partidua zenez, taldea animatzera joan zirela pentsatu nuen. Partidua amaitu zenean klubeko presidente Jose Ignacio Azurmendik beragaz joateko eskatu zidan. "Argazkiren bat ateratzea nahiko du", pentsatu nuen. Zelako sorpresa hartu nuen emakumeen eta gizonen taldeetako jokalariek pasilloa egin zidatenean; ez nuen holakorik espero! Hunkigarria izan zen eta bihotza taupa-taupa hasi zitzaidan.
Eta opariren bat ere eman zizuten.
Koadro eder bat da. Neu ageri naiz kamara batekin, partidua grabatzen banengo bezala. Dagoeneko eskegi dut etxean.
Zenbat urte daramatzazu DRTren partiduak grabatzen?
2003tik hona nabil, semea senior mailako taldean zebilenetik. Horren aurretik batez ere futbola jarraitzen nuen. Behin semeak partidua grabatzeko eskatu zidan, gero irudiak entrenamenduetan erabili ahal izateko. Orduan grabatu nuen partidu bat lehenengoz eta harrezkero ez naiz geratu. hamabi urte, honezkero!
DRT zeure sentitzen duzu?
Bai, nire beste familia bat moduan sentitzen dut. Errugbiak transmitzen dituen baloreak bereziak dira. Mundu honetan dabilen edonork berdina esango dizu. Engantxatu egiten zaitu. Denboraldia amaitzen denean faltan botatzen dut.
Noiz arte jarraituko duzu?
74 urte ditut eta osasunak laguntzen didan bitartean jarraitzeko asmoa dut.
(Argazkiak - Facebook: Durango Rugby Taldea)