Pedro Moreno: "Ez dezatela ordaintzeko konturik aipatu, ez dut hartuko eta!"

Anboto 2016ko mai. 15a, 10:00

Inoiz ez du jokatu, eta orain hasi da errugbia ulertzen. Pedro Moreno 'Peter', DRTko nagusien partidu guztietara joaten da, bideokamera hartuta, eta, kanpo-disko gogor bi bete ditu. Perretxiko zalea izanik, mendira egindako ihesaldietako bideoak ere baditu youtuben. Borja semea mendi bizikletan grabatuz eman zituen lehen urratsak.

Nahikoa lan duzu DRTren partidu guztiak grabatzen...
Betidanik gustatu zaizkit bideo eta argazkigintza, baina, denbora hartu behar da, eta horixe egin nuen duela bederatzi urte, bihotzeko batek eman ondoren. Bizitza aldatu zitzaidan. Emandako bigarren aukera hori beste ikuspuntu bategaz hartu beharra nuen, eta nola hobeto gustukoen dudan zaletasunagaz disfrutatuz baino?

Errugbiak eman dizu aukera hori, ezta? Zaletua zara?
Orain bai. Seme gaztea eta ilobak beheko kategorietan zebiltzanean, tarteka baino ez nintzen joaten; bakoitzaren partidu bat grabatu nuen. Halako kolpeak-eta ikusten nituen ze... nahiago nuen futbola.

Eta nola hasi zinen, ba, errugbi partidu guztiak grabatzen?
Mikel semeak DRTko nagusiekin jokatzen du orain, eta partiduak eta jokaldiak aztertzeko lagungarri egiten zaizkie bideoak. Duela hiru urte huts egin zuen Peio entrenatzaileak, eta semeak partidua nik grabatzea proposatu zidan. Bat grabatu nuen, gero beste bat, hirugarren bat...

Eta gaur arte!
Bai, gustua hartu nion. Kanpotik ikusita, errugbia zer den jakiterik ez dagoela ohartu naiz. Itzelezko balioak erakutsi dizkidate! Ines Etxegibelegaz jarraitu nuen 2. urtean, etxeko partiduak grabatuz. Aurten, hiruzpalau baino ez ditut galdu: joan-etorria egiten badute, eurekin joaten naiz partidu guztietara.

Bideo eta argazki piloa izango duzu orduan!
Kanpo-disko gogor bi ditut DRTren partiduekin; bakoitza 2.000 gigakoa... Emazteak etxetik botako nau egunen batean: bideo-kamera erosita osagarriak behar dira; eta horiek zaharkitzean, berriak... ‘Bazatoz beste tramakulu bategaz!’, esaten dit.

Nagusien partiduak grabatzen dituzu.
Bai. Inoiz jokatu ez badute, beheko kategorietako partiduren bat grabatu dut, baina, tarteka.

Eta argazkiak?
Baditut, baina, Luis Iturrioz ikustean, ahaztu egiten naiz. Oso argazkizalea da bera eta hura ere jarduera guztietan dago.

Zer egingo duzu bideoekin?
Aztertzen nabil zelan egin, baina, 2015-2016 denboraldiaren laburpena egin gura diet. Familia arrazoiengatik edo adinagatik utzi beharra dutenei-edo emateko. Egunen batean ilobei erakusteko  (barrez).

Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?  
Gorabeheratsua. Iazkoa izan zen zoragarria!

Nola bizi dituzu une horiek?
Ohorezko Dibisioan jokatzeko atarian geratu ziren. Zaleen babesa itzela da horrelakoetan. Lasai hartzen saiatzen naiz, osasuna dela-eta (barrez). Baina, oso une hunkigarriak dira.

Bestelako ekitaldiak ere grabatzen dituzu.
Prentsa agerraldiren bat, taldeen aurkezpena... abisatuz gero eta ahal izanez gero, ni edonora joateko prest. Iaz Olentzeroren kalejira grabatu nuen San Fauston, koinataren bidez.

Dena musutruk!
Gustatzen zaidalako joaten naiz, eta ez dezatela ordaintzeko konturik aipatu, ez dut hartuko eta!  DRT, jokalariak... beste familia bat daukat. Asko eman dit DRTak.

Luxua zara DRTrentzat.
Ez dakit ba! Eurei galdetu behar!  (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!