Udalaren arabera, zerbitzuak "indarberritze nabarmena" izan du iaztik, "udalerriko familiei espazio estalia eskaintzeko". Zehaztu dutenez, bertaraturikoen % 40 umeak eta gazteak izan dira; gainerako % 60, berriz, txikiei laguntzera joandako helduak.
Urtarrileko osoko bilkuran, Durangoko guraso talde batek ordezkari politikoen aurrera jo zuen zerbitzuaren egutegia handitu zedin eskatzeko. Hori dela eta, udalak egutegia handitzea erabaki zuen. 67 eguneko egutegia 92 egunetara zabaldu zuten. Jesica Ruiz gazteria zinegotziak, aurrerantzean, bide horretan jarraituko dutela azpimarratu du: "Durangoko familiei beharren arabera egokitutako zerbitzuak eta espazioak eskaintzen jarraitzea da gure helburua, batez ere estaliak, non denbora kalitatez gozatu ahal izango duten", adierazi du.