Durangoko lehen udal-etxebizitza tasatuak izango direnak ari dira eraikitzen Birjinoste auzoan. Eta, horietako bat eskuratzeko prozesuan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu du udalak. Prezio mugatua duten etxe horietako bat lortu gura duenak udalaren erregistro elektronikoan edo Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) eman behar du izena, maiatzaren 28ra bitartean. Esleipen-prozesua zozketa publiko bidez egingo da.
Logela bateko etxebitza bat, bi logelako bederatzi eta hiru logelako hamar ari dira eraikitzen Birjinosten. Horrez gain, mugukortasun urri iraunkorra duten pertsonentzako egokitutako beste bi etxebizitza eraikiko dira —horiek eskuratzeko eskaririk ez balego hiru logelako etxebitza bihurtuko dira— . Guztiek dute trastelekua eta garajea, udal arduradunek jakitera eman dutenez. Salmenta erregimenean esleituko dira, eta kalifikazio iraunkorreko etxebizitza babestua izango da, udal arduradunek argitu dutenez.
Etxebizitza horietako bat eskuratzeko adinez nagusia izan behar da. Azken urte bian jabetzan etxerik ez izatea ezinbesteko baldintza da izena emateko; baita urtean bizikidetza-unitatearentzat 15.000 eta 50.000 euro arteko diru-sarrerak izatea ere. Udal ordezkariek gaineratu dute Durangon erroldatutako daudenei lehentasuna emango zaiela (gutxienez urtebete azken urtean edo hiru urteak azken bost urtean). Durangon lan kontratua duten pertsonei ere lehentasuna emango zaie.
Itxarote zerrendak
Udal arduradunek azaldu dutenez laster emango da jakitera zozketa publikoaren data. Eta, etxebizitza kopurua baino eskari gehiago izanez gero, etxe tipologia bakoitzeko itxarote-zerrendak osatuko dira, lehentasun ordenaren arabera.
Sara Oceja Hirigintza zinegotziak azaldu du etxeen sustapena eta eraikuntza Viviendas de Birjinoste S.L. promotorearen ardura direla, eta Kbiaren bulegoetan kontsultatu daitezkeela ezaugarri guztiak. Era berean, Durangoko Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantza kontsultatzeko gomendioa egin du.
Mireia Elkoroiribe alkateak gogoratu du datozen urteetan babes publikodun 500 etxebizitza berri baino gehiago eraikiko direla Durangon. "Horretan ari gara aktiboki lanean, gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko. Alokabidegaz lankidetzan, babeseko 16 etxebizitza jarriko dira herritarren eskura, San Fauston. Durangarron bizi kalitatea hobetzeko etengabeko ahaleginaren zati bat baino ez da", azaldu du Elkoroiribek.
Herriaren Eskubidearen erreakzioa
Herriaren Eskubidea "pozik" agertu da " Durangok, azkenean, legeak 2006tik behartzen zituen etxebizitza tasatuak izango dituelako". Hala ere, talde independenteak argi adierazi du ez dagoela ados "EAJk, PSE-EEk eta PPk 2024an etxebizitza horietarako ezarritako prezioekin". Diotenez, egungo prezioak "oso urrun" daude bere garaian aurkeztutako proposamenetik. Herriaren Eskubidearen arabera, etxebizitzek "50.000€ gutxiago balioko lukete batez beste talde independentearen proposamena onartu izan balitz".