[BIDEOA]: Energia komunitatea eratzeko bigarren saioa, gaur, San Antonio ikastetxean

Anboto 2025ko api. 29a, 09:40

Maristak ikastetxean egin zuten lehenengo saioa, energia komunitateen funtzioak, egitura posibleak, eta udalerrian garatu daitezkeen proiektuak ardatz. Gaurko saioan, berriz, autokontsumo partekaturako aukerak izango dituzte aztergai. Saioa 18:30ean izango da, San Antonio ikastetxean. 

Durangoko herritar talde bat energia komunitatea sortzeko lanetan dabil. Joan zen apirilaren 2an azpiegitura sortzeko lehenengo harria ezarri zuten Maristak ikastetxeko berbaldian. Energia komunitateen funtzioak, egitura posibleak eta Durangon garatu daitezkeen proiektuak izan zituzten ardatz. Goiko bideoan egunak emandakoa jaso zuten.

Gaur, apirilak 29, lan-saio berria egingo dute San Antonio ikastetxean. Autokontsumo partekaturako dauden aukerak aztertuko dituzte nagusiki. Izan ere, aurreko jardunaldian irtendako hainbat proposamenek ildo hori izan zuten oinarri. Plataformako kideek azaldu dutenez, "parte-hartzaile askok tokian-tokiko energia berriztagarria sortzearen garrantzia azpimarratu zuten. Proposamenetan nabarmendu zen eguzki-instalazioak sustatzea, bai eraikin publikoetan, bai pribatuetan". Horrez gainera, "funtsezkotzat" jo zuten Durangok "energia berriztagarria ekoizteko dituen aukerak aztertzea". Gaurko jardunaldian gai horri buruzkoak aletuko dituzte. Saioa San Antonio ikastetxean izango da, 18:30ean.

Hurrengo lan-saioa maiatzaren 14an egingo dute, Ibaizabal ikastolan. 18:30etatik aurrera energia komunitateak osatzeko taldeak eratuko dituzte.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!