Durangoko herritar talde bat energia komunitatea sortzeko antolatzen hasi da, eta bide-orri bat markatu dute hemendik aurrerako lanketak egiten joateko. Prozesuko lehenengo harria apirilaren 2an jarriko dute, Maristak ikastetxean. Bertan, energia komunitateen ezaugarriak, funtzioak eta egiturak aztertuko dituzte, besteak beste. Hortik aurrerako lanketetan, berriz, autokontsumorako aukerak, lantaldeak eta eginkizunak, eta ezaugarri juridikoak aletuko dituzte.
Egitasmoaren bultzatzaileek beharrezko formakuntzak eta eztabaidak egin gura dituzte, herrian "energia burujabetzarako pausoak" emateko. Era berean, "energia berriztagarriak sortzea eta horiek komunitatean banatzea" dutela helburu azaldu dute. Gaineratu dutenez, azkenaldian hainbat bilera egin dituzte herriko eragileekin, "proposamena kontrastatu eta beren ekarpenak" jasotzeko.
Parte hartzeko deia
Bilera-sortak Energia Trantsiziorako Durangoko herritar taldeak dinamizatuko ditu, eta horrek iragarri duenez, saio guztietan Goiener izango dute bidelagun. Antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte prozesuan parte hartzera: norbanakoak, elkarteak, eskolak, enpresak eta erakundeak.
Gaineratu dutenez, Euskal Herrian gero eta Energia Komunitate gehiago daude, baita Durangaldean ere. Adibidez, Elorrion eta Otxandion dagoeneko badituzte
funtzionatzen ari diren energia komunitateak. Abadiñon eta Zaldibarren egiturak sortzen dabiltza.
Energia komunitatea sortzeko saioak Durangon
Apirilak 2, 18:30, Maristak ikastetxea
- Lanketa-gaia: "Zer dira energia komunitateak?"
Apirilak 29, 18:30, San Antonio ikastetxea
- Lanketa-gaia: "Autokontsumo partekatua"
Maiatzak 14, 18:30, Ibaizabal ikastola
- Lanketa-gaia: "Lantaldeak"
Maiatzak 28, 18:30, Zabalarra eskola
- Lanketa-gaia: "Izaera juridikoa"
Ekainak 11, 18:30, lekua zehazteke
- Lanketa-gaia: "Prozesuaren amaiera"