Trenbidea zena Bide Berde bihurtzeko lehenengo lanak amaitu dituzte Durangon

Anboto 2025ko api. 11a, 19:04

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Sara Oceja Hirigintza saileko arduraduna.

Trenbide eta Untzillatx kaleen hiri-ingurunean trenbide zaharraren trazadura integratuko duten obrak amaitu dituzte Durangon. Trenbidea Bide Berde bihurtzeko proiektuaren 1.eta 3. faseko lanek 118.580 euroko inbertsioa eskatu dute.

Durangoko trenbide zaharra Bide Berde bihurtzeko proiektuaren 1. eta 3. faseko lanak amaitu dituzte, hain zuzen ere, Trenbide eta Untzillatx kaleen hiri-ingurunean trenbide zaharraren trazadura integratuko dutenak. Halaxe eman du jakitera Durangoko Udalak. "Hiria ubanistikoki batzea eta hamarkadetan herritarrentzat oztopo fisikoa izan den espazioa berreskuratzea", izan du helburu udalak.

Joan zen abenduan hasi zituzten 118.580 euroko inbertsioa eskatu duten obrak. Tenbideko elementu zaharrak  —itxiturak eta geralekuko zorua, besteak beste— eraitsi dira, eta  2.260 metro koadro baino gehiagoko berdegune berri bati eman zaio bidea, azaldu dutenez. Horrez gain, hiri-altzari "moderno" berria jarri da eta argiteria publikoa hobetu, "iraunkortasun, irisgarritasun eta paisaiaren integrazio irizpideekin bat eginez". Halaxe azaldu dute ohar batean.

Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "legegintzaldi hasieratik proiektu hau gure lehentasunetako bat izan da. Durango batuago, irisgarriago eta bizigarriago bat nahi dugu pertsona guztientzat".

Bigarren fasea

Bigarren faseko lanak —1,15 milioi euroko aurrekontua izango dute—, uda ostean hastea gura dute udal arduradunek. Sektore-baimenak eskuratzeko izapideak martxan daudela eman du jakitera udalak. Behin horiek lortuta,  lanen lizitazioa hasiko du. Lan horiek amaitzeko 10 hilabete aurreikusi dituzte. Etorkizuneko Bide Berdea 2026ko bigarren seihilekorako prest egotea gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!