Trenbidea zena Bide Berde bihurtzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2024ko abe. 12a, 09:00

Trenbide eta Untzillatx kaleen hiri-ingurunean hasi dituzte lanak, trenbide zaharraren trazadura integratzeko. Lan horiek 118.580 euroko inbertsioa eskatuko dute.

Durangoko trenbide zaharra Bide Berde bihurtzeko lanak hasi dituzte. Proiektuaren 1. eta 3. faseko obrekin hasi dira, Trenbide eta Untzillatx kaleen hiri-ingurunean trenbide zaharraren trazadura integratuko dutenak. Udalak 118.580 euro inbertituko ditu guztira, eta lanak otsailean amaitzea aurreikusi dute. Bigarren faseko lanak —1,15 milioi euroko aurrekontua izango dute—, uda
ostean hastea gura dute udal arduradunek.

Hainbat hamarkadatan herriazatitu duen gainazaleko trenbide-trazadura ez da erabiltzen 2012ko abendutik, lurperatutako trena martxan ipini zenetik. Joan zen astean hasitako lanek herriaren eremu biak batzea dute helburu, "hiri-kohesioa sustatu eta espazio publikoen kalitatea hobetzeko". Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan "poztekoa" da lanak egiten hasi ahal izatea. Udalak joan zen apirilean sinatu zuen lagapen-hitzarmena ETSgaz. Proiektua idatzi ondoren, irailean ekin zioten lizitazio prozesuari.

Trenbidea ixteko horma zaharra eta geralekuaren zolata kenduko dituzte Untzillatx kalean, eta espazioa hiri-bilbean integratuko da. Berdegune berri bat
egingo dute —2.260 metro koadrokoa—, hiri-altzari "modernoak" ipiniko dituzte eta argiteria publikoa hobetuko dute, alkateak azaldu duenez. Bide Berdeak
gune zabala eskainiko du oinezkoentzat eta bizikletentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!