[ARGAZKI GALERIA]: Maristak ikastetxeko kakorratz lantaldea: 10 urte elkartasuna eta ahizpatasuna josten

Ekaitz Herrera 2025ko api. 9a, 20:04

Maristak ikastetxeko kakorratz lantaldeak 10 urte bete ditu arratsalde honetan. Orain arte, 151 topaketa egin dituzte, eta artilezko 5.000 sorkuntza baino gehiago harilkatu eta kausa solidarioetara bideratu. Aurrerantzean ere, bide beretik jarraituko dute.

10 urte bete dituzte, 151 saio egin, eta artilezko 5.000 sorkuntza baino gehiago harilkatu eta dohaintzan eman. Maristak ikastetxeko kakorratz lantaldeak 10 urteko ibilbidea ospatu du arratsalde honetan. Elkarrekin batu eta hamar urte horien errepasoa egin dute bideo batekin, baita joskintza botoiak baliatuta bingora jokatu ere. Dani Irazola ikastetxeko zuzendariak bere eskerrona adierazi die kakorratz lantaldeko kideei, urte horietako guztietako konpromisoagaitik. Izan ere, ikasle ohi batzuek 2015ean ekin zioten bideari, Marijo Martin irakaslearen gidaritzapean, eta Durangoko beste hainbat emakumeren esku hartzeagaz. Hamabostero hasi ziren ikastetxean batzen, kakorratza hartu, hari-mataza eutsi eta osagarriak egiteko. Ordutik hona 5.000 lan baino gehiago sortu dute, eta sorkuntzok kausa solidarioetara bideratu. Adibidez, mantak egin dituzte Durangoko Caritas eta Etxepel erakundeentzat, baita SFC-SQM elkartearentzat eta Deustuko Lagun Arteanentzat ere. Gainera, Greziara ere eraman dituzte artilezko lanak, Aita Mariko kideen eskuetara. Era horretan, eskularruak eta txanoak helarazi dizkiete migratzaileei. Halaber, Afrikara ere bideratu dituzte sorkuntzak.

Ahizpatasuna ere bai

Hamar urteko ibilbide horrek baina, beste zerbait ere ekarri du: kakorratz lantaldeko kideek elkarrekin harilkatutako laguntasuna. Gaur egun 30-40 emakumek segitzen dute hamabostero batzen, eta 100 baino gehiago dira egitasmotik pasatu direnak. Aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dute, josten eta beharrizana duenari laguntzen, konpromiso soziala eta haria ez daitezen eten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!