Maristak Durango ikastetxea sortu zutela 120 urte bete dira aurten, eta urteurrenari hasiera emateko ekitaldi berezia antolatu dute, gaur. Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak eta Jon Labaka Lanbide Heziketako Sailburuordeak parte hartu dute ekitaldian.
Pedrosak Maristak Durangoren hezkuntza proiektuaren atzean dagoen "urte askotako konpromisoa eta inplikazioa" nabarmendu ditu. "Marista Durango ikastetxeagaz ikasi egin dugu. Noranzko bian egin dugu lan, eta esperimentatuz ikasi dugu". Ildo horretan, gogoratu du Maristak Durango ikastetxean gidatu zela ETHAZI, "gaur egun lanbide heziketako zentroetan oso garrantzitsua den proiektua". Maristen komunitatearen lana eskertu du Hezkuntza Sailburuak: "eskerrik asko gizartea eta enpresa-sistema aldatzeko pertsonak formatzeagatik". Berrikuntzan lanean jarraitzera animatu ditu.
Mahai ingurua
Orain dela 120 urte enpresa eta politikoak batu ziren hezkuntza proiektu bat martxan ipintzeko, zeintzuk dira gaur eguneko hezkuntza behar izanak? mahai-inguruan parte hartu dute Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek, Orbea kooperatibako zuzendari Jon Fernandezek eta Maristak Euskadi Fundazioko zuzendari Jaime Comabellak. Durangoko alkatearen berbetan, "talentua sortzea eta hori bertan mantentzea da dugun erronka nagusietariko bat. Nahikoa erakargarriak izan behar gara talentua ez dadin kanpora joan. Baita talentua bertara etorri dadin ere. Eta horretarako oso garrantzitsua da enpresen eta instituzioen arteko lankidetza". Ildo horretan, Durangaldea Enpresa ekimena aipatu du. Orbeako Jon Fernandezen berbetan, "talentu anitza dugu aurrean eta aniztasun hori kudeatzeko gai izan behar gara. Erronka zaila da".
Maristak Euskadi Fundazioko zuzendariak nabarmendu du, momentuko beharrei egokitzen joan den hezkuntza proiektu integrala dela Durango Maristak ikastetxearena: "Jende askoren konpromisoa izan du".