Hirugarren RFEF Maila amaitzeko sei jardunaldi falta direnean, Durangoko Kulturalak ezin du arnasa lasai hartu oraindik. Une honetan 14. postuan dago, jaitsieratik hiru puntura. Gainera, Bigarren RFEF Mailako arrastreek kaltetuen zerrenda handitu dezakete. Beraz, ez dago deskuidatzeko tarterik, egoera deserosoa dena arnasestu bihurtu daitekeelako.
Kulturalak ezin du hutsik egin zapatu arratsaldean, aurkariaren kirol-maila zein den jakinda. Etxetik kanpora jokatuko du, bai, baina 28 jardunalditan partidu bakarra irabazi duen Gasteizko San Viator azken sailkatuaren kontra. Lehen itzulian 6-0 xehatu zuen aurkari hori Tabiran.
Durangoko futbol kluba ez dago bere sasorik onenean. Aketza Gonzalezek taldearen gidaritza hartu zuenean, taldeak norabide egokia hartu zuela zirudien: bi garaipen eta bi berdinketa. Baina bolada on horren ostean beherakada heldu da eta lau jardunaldi daramatza irabazi barik: bi berdinketa eta bi porrot. Gainera, kamuts dabil ate aurrean eta ez du golik sartu azken lau partiduetan.
Asteburuko partiduaren ostean beste bost geratuko zaizkio eta euretako bi Baskonia liderraren eta Leioa bigarren sailkatuaren kontrakoak dira. Beraz, etxeko lanak ahalik arinen egiten hastea komeni da.