"Entrenatzea gustuko baduzu, gatx da Kulturalari ezetz esatea"

Joseba Derteano 2025ko mar. 15a, 10:30

Aketza Gonzalez Arana (Santurtzi, 1976) santurtziarra Kulturaleko entrenatzaile denetik, taldeak gora egin du. Azken lau partiduetan, partidu bi irabazi eta bi berdindu ditu. Jaitsiera urrunago du orain. Gaur, 18:00etan, Touring zortzigarren sailkatuaren kontra jokatuko du etxean, Tabira futbol zelaian.

Denboraldi honetan Durangoko Kulturaleko aulkian jesartzen den hirugarren entrenatzailea da Aketza Gonzalez. Ordezkoa izatea ez da egoera arrotza beretzat. Bere aurreko esperientzia biak ere horrelakoak izan dira, Zallan eta Portugaleten. Orain, Hirugarren Mailan sufritzen dabilen taldea jaitsierako arriskutik urruntzea du helburu. Bost jardunaldi daramatza Kulturalean. Estrenaldian galdu egin zuten, Alaves C-ren aurka, baina hurrengo lau partiduak positiboak izan dira: garaipen bi eta berdinketa bi. Joan zen asteburuan puntu baliotsua batu zuen Deustun, igoerako kanporaketa jokatzeko borrokan dabilen taldearen aurka.

Deustoren kontrakoa garaipen zaporea duen berdinketa izan zen?
Oso talde ona delako. Partidu itxia izan zen, aukera gutxikoa. Taldeak lan bikaina egin zuen. 

Hirugarrenez jarraian, dagoeneko martxan zegoen proiektu batean sartu zara, horrek dakartzan erronka guztiekin. Zure esperientziatik, horrelako kasuetan zeri heldu behar zaio lehenengo?
Denbora gutxian taldeko konfiantza irabazi behar duzu, horixe da behinena. Lehenengo inpresioa behin ematen da. Proposatzen duzunak funtzionatuko duela sinestu eta ikusi behar dute. Eta animikoki taldeari bultzada bat ematen ahalegindu behar duzu. 

Zelan prestatzen da entrenatzaile bat une garrantzitsu horiei aurre egiteko ?
Nire kasuan, proiektuan sinestea ezinbestekoa da. Sinesten baduzu, besteei transmititu behar zaien energiagaz helduko diozu erronkari. Ez da erraza, jakina. Nik bariku batean zuzendu nuen lehenengo entrenamendua, partidu baten bezperan. Jokalari batzuen aurpegiak ez nituen euren izenekin lotzen. Hamaikakoa osatu nuen. Ez nuen besterik egin. Ez zegoen beste ezertarako astirik. Esku-frenoa emanda sartzearen sentsazioa da. Baina ilusio handiz lanean jarraitu genuen.

Denboraldiko hirugarren entrenatzailea zara. Zelan aurkitu duzu taldea?
Egoera arraroa da denontzat: jokalarientzat, niretzat, klubarentzat… Normala den moduan, animikoki ukituta dagoen taldea aurkitu dut. Egoera honetara zelan heldu diren galdetuko zioten euren buruari, nik uste. Gugan ilusioa eta freskotasuna ikusi dituztela uste dut. Gura dugula eta sinesten dugula sentitu dute. Ni neu pozarren nago taldeagaz. Jokalari denak gogotsu, ilusionatuta eta konprometituta ikusten ditut. Ni nagoenetik taldeko jokalari guztiek jokatu dutela uste dut. Deustoren kontra, hasierako hamaikakoan zazpi aldaketa egin genituen. Ez da ohikoa. Jokalari batzuei atseden eman gura genien, baina beste arrazoi bat ere bazegoen: taldean lehia sortu gura genuen, gutxien jokatu dutenak gainerakoak estutzeko kapaz diren ikusteko. Eta, egia esanda, lan ikaragarria egin zuten. Nik asko sinesten dut lehian. Postua kolokan ikusteak zeure burua estutzera zaramatza. Jokalariei hori transmititzen ahalegindu gara eta entrenemanduetan igarri egiten da. 

Zertan aldatu duzue joko sistema?
Lehen badirudi 5-3-2 sistemagaz jokatzen zela, eta gu 4-3-3ra pasatu gara. Sistemak moldagarriak dira, modu batera edo bestera garatu daitezke. Ez naiz hertsia horretan. Gainera, elkar ezagutzen gabiltza oraindino eta ezeri ez diot aterik ixten. Hauxe da gure ideia: talde oldarkorra izatea eta aurkariaren zelaian presionatzea. Gero, baloia dugunean bertikalak izan gura dugu. 

Zu heldu arte, Kulturalak 20 jardunalditik bitan baino ez du mantendu atea hutsean. Orain, jarraian hiru partidu daramatzazue golik jaso barik. Defentsan sendotasuna berreskuratzea zenuten helburu nagusietariko bat?
Akordioa sinatu genuenean horixe eskatu ziguten, arlo hori sendotzea. Alde horretatik, nik zuzendu izan ditudan taldeetan sekula ez dugu gol askorik jaso, zorionez. Hemen orain arte zuzendu ditudan bost partiduetan oso gol aukera gutxi egin digute. Talde bakoitza mundu bat da eta ez naiz jokamolde bakar batera lerrokatzen, baina, orokorrean, nire taldeak ordenari eustea gustatzen zait. 

Durangoko Kulturalak tradizio luzea du Hirugarren Mailan. Jaisteko arriskua gainpresioa da zuretzat?
Niretzat eta nirekin etorri den Txus Gonzalez bigarren entrenatzailearentzat motibazio bat da, bestela ez nintzen hemen egongo. Gainera, Kulturala klub erakargarria da. Entrenatzea gustuko baduzu, gatx da Kulturalaren eskaintza bati ezetz esatea. 

Portugaleteko esperientzia kuriosoa izan zen, liga amaitzeko jardunaldi biren faltan batu zinelako. Zelan gogoratzen duzu?
Jardunaldi bi eta igoerako kanporaketa izan ziren. Beasainek kanporatu gintuen, 90. minutuan. Kuriositate modura, Kulturaleko jokalari bi Beasainen zebiltzan orduan. Kanporaketa bat zor didatela esaten diet brometan. 

Talde bat denboraldi hasieratik entrenatzearen falta igartzen duzu?
Zeure proiektua da, zeure erara moldatua… Gainera, denboraldiaurretik taldea gehiago prestatzeko aukera ematen dizu. Baina, tira, egoera honek ere badu bere zera, baditu gustuko ditudan osagaiak. Esperientzia intentsoak dira. 

Futbolaz kanpoko lana, entrenatzaile lana… gogorra da?
Eta hiru seme! Bai, gogorra da. Entrenatzaile nabilenean, denera heldu ezinik nabil. Baina ez nabilenenan, falta igartzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!