Lehenengo oroimen ekitaldia Irazabal barik

Jone Guenetxea 2025ko mar. 31a, 08:00

Urtero martxoaren 31n Andra Mariko elizpean egiten duten ekitaldian Jon Irazabal gogoratuko dute. Historialariak hainbat ikerketa egin zuen memoria historikoaren eta bonbardaketaren inguruan. Ekitaldi horren bultzatzaileetariko bat ere izan zen. 

Gaur 88 urte beteko dira faxistek Durango bonbardatu eta 213 lagun hil zituztenetik. Urte askoan isiltasuna nagusitu da gaiaren inguruan. Gerraosteko errepresioak eta minak gertaturikoa ahanzturara eraman zuten. Testuinguru horretan, Jon Irazabal historialariak, gaia argitu guran, hainbat ikerketa lerro zabaldu zuen. Gaur egun ezagutzen dugun hainbat datu iurretarrari eskerrak dakigu. Irazabalek makina bat artxibo eta liburutegi arakatu zuen gertaturikoa ezagutu guran. Jakin-min aseezin horri Gerediaga elkartean jubilatu ostean ere eutsi zion. Historialaria joan zen abuztuan zendu zen eta hutsunea utzi du memoria historikoaren ikerkuntzan. Gerediagak eta Kriskitinek Andra Marian egiten duten oroimen ekitaldi herrikoian iurretarra faltako den lehenengo aldia izango da aurtengoa. Bere memoria eta ekarpena hantxe izango dira, baina. Izan ere, antolatzaileek aurreratu dutenez, Irazabal gogoan izango dute martxoaren 31n, 19:30ean, Andra Mariko elizpean.

1937ko martxoaren 31 hartan, Durangoko bonbardaketa Matienan hasi zen. "Biktima batzuk Traña-Matienako baserrietan hil ziren, euren etxeetan. Argi duguna da martxoaren 31 hartan eskuadrilla italiar bi banatu egin zirela. Bata Durangora etorri zen, eta bestea Elorriora. Beraz, Abadiñoko lau biktimak Durangora etorritako eskuadrillaren erasoen eraginez hil ziren", azaldu zuen Jimi Jimenez historialariak ANBOTOn iaz egindako elkarrizketan. Elorrioren kasuan, erasoak zazpi hildako utzi zituen. Gertaturikoa gogoratzeko, Laumunarrieta elkarteak lore eskaintza egingo du bonbardaketa dela-eta herrian ipinitako totemean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!