"Egundoko ilusioa egin digu lehiaketa irabazteak"

Aitziber Basauri 2025ko mar. 30a, 10:20

Kangreburgerraren bila argazkiak irabazi du ANBOTOk antolaturiko inauterietako argazki lehiaketa, Surrandi argazkiagaz lehia estua izan ondoren. Naia Villares-Sanchezen (Durango, 2006) eta Irene Alberdiren (Durango, 2006) lagun taldeak bidali zuen argazkia.

Boto biri eskerrak irabazi zenuten. Merezitako garaipena izan da? 
Naia Sachez-Villares: Azken astean, inguruko denei eskatu genien gure argazkiaren aldeko botoa, kuadrillan ere bai. Azkenean lortu genuen, eta merezi izan du. 
Irene Alberdi: Oso pozik gaude. Egundoko ilusioa egin digu irabazteak. Ez genuen irabaztea espero. Zazpi boto baino ez genituen eta Surrandi argazkiak 100 bototik gora. Horri buelta ematea lortu genuen. 

Lehenengoz parte hartu duzue? Zelan animatu zineten? 
I.A.: Bai, lehenengoz. Naiak sareetan ikusi zuen inauterietako argazkien lehiaketa zegoela, eta argazkia bidaltzera animatu ginen. 

Nori bururatu zitzaion mozorroa? Bob Esponja marrazki bizidunen jarraitzaileak zarete? 
N.S.: Ez bereziki. Bideo bat ikusi genuen sareetan, eta hala mozorrotzeko proposamena egin zuen norbaitek. 
I.A.: Urtero hainbat aukera proposatzen dugu, eta botorik gehien lortzen duen gai hortaz mozorratzen gara. Horrela egiten dugu beti. Proposamen mordoa batzen dugu, egia esanda. 

Hala ere, Bob Esponja eta Patrizio falta izan dituzue taldean. 
N.S.: Bob Esponja ere bazegoen gugaz, argazkian agertu ez arren. Momentu horretan lanean zegoen; gauean batu zen taldera. 
I.A.: Patrizioz mozorrotzera inor ez zen animatu! 

Denbora asko eraman zizuen mozorroak adostu eta egiteak? 
I.A.: Bakoitzak bere aldetik egin zuen mozorroa, etxean, bideoak ikusiz. Nahiko mozorro erraza izan zen eta ez zigun denbora askorik kendu. 

Inauteri zaleak zarete?
N.S.: Bai, gustatzen zaizkigu. Batzuei beste batzuei baino gutxiago, baina orokorrean denok ditugu gogoko inauteriak. Denok elkarregaz egoten gara eta egun polita izaten da. Nik neuk gogoz hartzen ditut.  
I.A.: Nik ere bai. Aukera dagoen bakoitzean mozorrotzen gara. San Fausto jaietan ere beti animatzen gara.

Badudue ideiarik datorren urterako?
N.S.: Oraindino ez.
I.A.: Azkenengo momentuan erabakitzen dugu askotan. Iaz Dora esploratzailea aukeratu genuen. 

Zelan banatuko duzue saria? 
N.S.: Afari edo bazkari bat egingo dugu otzarako produktuekin. Baina, tira, zeozer gehiago erosi beharko dugu.
I.A.: Bai, astebururen batean elkartu eta zeozer egingo dugu. Larregi atzeratu barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!