Durangoko udalbatzak aldaketa bat egin du plantilla organikoan: euskara teknikariaren lanpostua erretiratu du, eta ardura postu berria sortu du trukean. Figura berri hori euskara eta hezkuntza arloetako arduraduna izango da aurrerantzean, eta, zeregin horiez gainera, herritartasun arloko sailak koordinatzeko ardura ere izango du: euskara, hezkuntza, kultura, jaiak, gazteria eta kirol sailak koordinatzeko betebeharra, hain zuzen ere.
Atzoko osoko bilkuran, auziak aurrez aurre ipini zituen gobernu taldeko kideak eta oposizioko alderdi nagusiak. EH Bilduren ustez, aldaketak "ez die euskararen beharrizanei erantzuten". Oraindino gehiago; Iker Urkizak "oso larritzat" jo zuen "hiru ardura postu bakar batean" batzea. Herriaren Eskubideko Jorge Varelak interpretazio berdintsua egin zuen: "Pertsona bakar batek nekez atera ditzake aurrera hiru eremuetako lanak. Gainera, ez dugu bat egiten euskara teknikariaren lanaldia gutxitzeko erabakiagaz".
Gobernu taldeko kideen interpretazioa, ostera, bestelakoa da. EAJko Josune Escotak aldaketa defendatu zuen: "Proposatzen dugunak benetako garrantzia ematen dio euskarari. Euskara udaleko zuzendaritza batzordean egongo da lehenengoz. Herritartasuneko koordinatzailea izango da, hain zuzen ere, euskarari lehentasuna eskainiko diona". PSE-EEko Jesica Ruizek zehaztu zuenez, neurri berriak udal barruko sindikatuen "oniritzia" du: "ELA eta Esan sindikatuek neurriaren alde egin zuten, baita CCOOk ere, nahiz eta azken horrek ez duen botoa emateko aukerarik". Escotak jakinarazi zuen LAB ez zela bozketa hartan egon. PPko Carlos Garciak ez zuen adierazpenik egin lanpostu berriari buruzko eztabaidan.
Aldaketak aurrera egin zuen, EAJren eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak kontra egin zuten. PP abstenitu egin zen.