Abenduan Durangoko Udaleko euskara teknikaria jubilatu zenetik postu hori ordezkorik barik dago. Koalizio subiranistak kritikatu duenez, "Euskara Teknikariaren figura kentzea, eta Herritarren Batzordeko koordinazio teknikari postu bat sortzea da udal gobernuaren asmoa".
EH Bilduk prentsa oharrean azaldu duenez, "Euskara Teknikariaren figura ezabatzea jasotzen da EAJ, PSE eta PPk onartu zituzten 2025eko Udal Aurrekontuetan". Abenduan Euskara Teknikaria jubilatu zenetik ez dela ordezkorik ipini kritikatu dute. "Planifikazio falta nabaria erakusten ari da Durangoko Udala, aspalditik jakina baitzen Euskara Teknikaria abenduan jubilatuko zela, eta ez da egoera aurreikusi". Koalizio subiranistak jakitera eman duenez, "udal gobernuak Euskara Teknikariaren figura ezabatzea erabaki du. Horrela ageri da EAJ, PSE eta PPk onartu dituzten 2025eko Udal Aurrekontuetan, Giza Baliabideen Txostenak ere jasotzen du erabaki hori". EH Bilduk jakin duenez, Udal Gobernuaren asmoa Euskara Teknikariaren figura kentzea, eta Herritarren Batzordeko koordinazio teknikari postu bat sortzea da. Langile berri hori Herritarren Batzordearen eremu ezberdinen koordinazioaz arduratuko litzateke, hau da, "Kirola, Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Euskara" arloak lantzeaz, "besteak beste”.
EH Bilduk Euskara Teknikariaren postuaren garrantzia nabarmendu du, eta, erabaki hau euskararen sustapenean "atzerapausoa" litzatekeela azpimarratu dute: “Euskara Teknikariaren lana kudeaketa lan soil bat baino gehiago da. Eragiletza lana izan behar da, eta orain arte bezala, esklusiboki lan horretaz arduratuko den pertsona bat izatea eskatzen dugu. Euskara Teknikariaren ardura ezin da Herritarren Saileko koordinazio teknikari baten bigarren mailako zeregin bat izan.” Alderdi subiranistak beste kritika bat helarazi dio Gobernu Taldeari: "Ez da udal gobernu honek Euskarari egiten dion lehen erasoa. Gobernura heldu berritan, Udal Araudi Organikoa aldatu zuten, eta udal barruko funtzionamenduan euskara lehenetsia izatetik, gazteleraren maila berean jartzera pasatu ziren".
"Ikuspegi estrategikoa"
Hedabide honek galdetuta, Durangoko gobernu taldeak erabakiaren inguruko argibideak eman ditu. "Durangoko udal gobernuarentzat euskara sustatzea lehentasunezko konpromisoa da, eta, horregaitik, euskara teknikariaren postua ez da ezabatzen; egungo beharrizanei egokitzen zaion eredu berri baten barruan berregituratzen da", adierazi du Paule Sanchez zinegotziak. "Herrigintzako koordinatzaile teknikariaren figura sortzeak ez du euskararen kudeaketa bigarren mailan uzten; aitzitik, pertsona honek euskara eta hezkuntza arloetako ardura zuzena izango du, ikuspegi estrategiko integralago bategaz. Euskara oinarrizkoa da eta zeharkakotasunez landua izan dadin eman da pausoa", gaineratu du. Zinegotzi jeltzaleak gehitu duenez, Durangoko Udal Euskaltegiak eta AROA euskara sustatzeko plan estrategikoa garatzeko kontrataturiko enpresak "lan esanguratsua egiten jarraituko dute euskara bultzatzeko". Hizkuntza eta hezkuntza estrategiak bateratzea nabarmendu du zinegotziak: "Kudeaketa eraginkorragoa, koordinatuagoa eta moldakorragoa bermatzea da helburua, udalaren hizkuntz politikak eta hezkuntza estrategiak modu bateratuan lantzeko", esan du Sanchezek. Antolaketa aldaketa honek ez duela euskararen sustapenean "atzerapausorik" ekarriko ere esan du jeltzaleak, eta nabarmendu du haren garapena eta "sustapena modu eraginkorragoan bermatzeko estrategia berri bat" dela.