EH Bilduren kritikak eta gero, Durangoko Udalak argibide gehiago eman ditu Euskara Teknikariaren figura dela eta. Dioenez, "arloa berrantolatzeak ez dakar Euskara Teknikariaren lanpostua ezabatzea, baizik eta egungo beharrei hobeto erantzuteko eredu bihurtzea". Hain zuzen ere, Herrigintzako koordinatzaile teknikari berriak "euskararen eta hezkuntzaren gaineko erantzunkizun zuzena hartuko du", eta horri eskerrak "ikuspegi estrategiko integralagoarekin" landuko da hizkuntza. Are gehiago: udalak sakondu duenez, kontua "ez da euskararen dinamizatzaile lanpostua kentzea, baizik eta hura garatzea eta udal organigramako kategoria gorenera igotzea. Zuzendaritza taldean sartuta, hezkuntza, kultura, kirola eta gazteria arloekin integrazio handiagoa lortuko dugu".
Izan ere, udalaren arabera, orain arte, euskara "eremu isolatu modura tratatu" da, eta aurrerantzean, "leku nagusia" emango dio hizkuntzari. "Horregatik, maila gorenera eramango dugu [euskara], gure politika publikoen baitan elemementu estruktural eta transbertsala bihurtuz", azaldu du Sanchezek. Alde horretatik, lankidetza sendotu gura dute Udal Euskaltegiagaz: "Ziur gaude berrantolaketa hau ez dela euskararen sustapenean atzerapausoa, baizik eta euskararen garapena modu eraginkor eta estrukturalagoan bermatuko duen bidea. Euskara lehentasuna da gobernu honentzat, eta ekintzekin erakusten ari gara", amaitu du Sanchezek.
Aurrekontuetan islatutako konpromisoa
Udalak berretsi egin du euskararekiko konpromisoa, eta arlo horretara bideratutako aurrekontua jarri du horren adibide modura. Izan ere, 2021etik 2025era Udal Euskaltegira eta euskara arlora bideratutako inbertsio osoa "% 13" igo da. 2021ean 699.773 bideratu zituen Udal Euskaltegira, eta 327.485 euro euskara arlora. Aurten, 800.404 euroko zuzkidura izango du Euskaltegiak, eta 364.727 euro hizkuntza sustatzeko sailak.