Automobilen kopurua etengabe hazi da urterik urte, eta eskualdeko udalerri guztietan igarri da joera hori. Azken hamar urteotan, Durangon, adibidez, % 17 hazi da auto kopurua; % 10 Mallabian, eta % 13 Atxondon.
Gainera, bada antzeman daitekeen beste joera aldaketa bat. Duela hamar urte, 2014an, gidabaimena zeukaten herritarrak 46.324 ziren eskualdean. 2023an, kopurua 48.787 gidaritara igo zen. Alabaina, auto kopurua gidariena baino gehiago igo denez, aldatu egin da auto kopuruaren eta gidari kopuruaren arteko erlazioa.
2014an auto kopurua ez zen 8ra iristen 10 gidariko. Orain, kopuru hori handiagoa da: 8,5 auto daude 10 gidariko.
Azkenik, hona hemen herri bakoitzeko automobil parkearen egoera. 100 biztanleko dagoen auto kopurua jarri dugu ikusgai, herrika. Grafikoan erraz antzeman daiteke zerbitzu-herrien eta landa-eremuko izaera markatuagoa duten herrien aldea. Durangon, adibidez, 46 auto dago 100 biztanleko. Alabaina, Izurtzan, Mallabian edo Garain handiagoak dira kopuruak; 74, 74 eta 67, hurrenez hurren.
Aipaturiko guztiek isla dute Durangaldeko hainbat herritan. Aparkatzeko arazoak direla eta, hainbat dira herritarren kexak. Durangoko herritarren % 20 bat etorri ziren aparkaleku falta arazo zela esatean, udalak 2023an kaleraturiko datuen arabera. Abadiñon ere ez dira berriak arazoak. Udalak, hain zuzen ere, egoiliarrentzako gunea atontzeko proiektua hasi du Traña-Matienan. Zornotzari dagokionez, udalak aparkaleku berria egitea aurreikusi du Euban, eta Zaldibarren ere mugikortasuna lantzeko pausoak ematen hasi dira.