"Iraultza energetikoa egitea denon ardura da"

Anboto 2024ko urr. 28a, 10:30

Durangoko herritar talde batek energia komunitatea sortzeko bidea hasi du. Jose Mitxelenak Errenteriako esperientziari buruzko berbaldia emango du hilaren 30ean

Energia komunitateak irabazi asmorik bako kooperatibak izaten dira. Energia berriztagarria dute oinarri, eta autokontsumoari begirako instalazioak sortzen dituzte elkarlanean. Orain, Durangoko herritar talde batek trantsizio energetikoan eragiteko bide hori urratzeari ekin dio, udalerrian energia komunitate bat sortzeko proiektua mahai gainean ipinita. Abiapuntu modura, berbaldi bat antolatu dute. Urriaren 30ean, Zergatik eta zertarako Durangon tokiko energia komunitatea? galderari erantzungo diote Jesuitak ikastetxeko Arrupe aretoan, 18:30ean. Berbaldian, energia berriztagarria merkaturatzeko Goiener kooperatibako kideak eta Errenteriako Ekiherri Energia Komunitateko kideak egongo dira azalpenak ematen. Azken honetako presidentea da Jose Mitxelena, eta bere udalerrian garatutako esperientziari buruzkoak partekatuko ditu durangarrekin. 

Berbaldiaren izenburuari buruz galdetuta hasiko dugu elkarrizketa. Zergaitik eta zertarako tokiko energia komunitate bat?
Zergatik? Iraultza energetiko hau denon erantzukizuna delako eta denok parte hartu behar dugulako. Jasangarriagoak izan behar dugula eta energiaren ikuspegitik ohitura hobeak behar ditugula diogunean, askotan besteen gain uzten ditugu ardurak. Adibidez, energia enpresa handien gainean. Alabaina, bakoitzak bere mailan, bere eskalan, badauka zerbait egiteko ardura eta aukera. Energia komunitateak horretarako aukera dira. Eta, zertarako? Energia hobeto erabiltzeko, aholkatzeko, ohitura onuragarriak zabaltzeko eta aurrezteko. 

Errenteriako energia komunitatean eguzki plakak ipini dituzue. Energia sareratzea baino ez zaizue falta. Zelako esperientzia izaten ari da zuena, eta zelako erreferentziak dituzue gainerako udalerrietan?
Hernaniko energia komunitatea martxan da. Elgetakoak denbora bat darama funtzionamenduan, eta gero badira TEK erako komunitateak; adibidez, Lasarte-Orian. Beste esperientzia asko, berriz, gurearen moduko egoeran daude. Hau da, azpiegitura energetikoa bukatuta izan arren, oraindik tramite administratibo eta burokratikoak amaitzea eta azpiegitura sarera konektatzea falta zaie. Errenteriako eta Oiartzungo kasuak, adibidez, horiek dira. Gure obra joan zen astelehenean bukatu genuen eta OCA erakundearen, Baimendutako Kontrol Erakundearen, onespena dugu. Orain energia banatzeaz arduratzen den enpresarekin gabiltza tramitazio lanetan, gure azpiegituran ekoiztuko den energiaren banaketa formalizatzeko. Orain sei hilabete 50 bazkide ginen. Momentu honetan ia 130 gaude. Beste 20-30 bazkide behar ditugu gure azpiegituran sortuko den energia behar bezala banatzeko.    

Zelakoa izaten da energia komunitate barruko kideen mekanika? Bazkide denak zer egin behar izaten du?
Bazkide mota asko dago. Izan zaitezke bazkide laguntzailea edo bazkide kontsumitzailea, adibidez. Errenteriako kasuan, bazkide kontsumitzaileak 100 euroko ekarpena egin behar izaten du lehenik. Hortik aurrera, bazkide bakoitzak bere etxean edo establezimenduan behar duen energia kantitatearen araberako ekarpena egiten du. Behin bazkidetza beteta, bakoitzak behar duen energia beharrizana kalkulatzen dugu. Helburua soberakinik ez egotea da.  

Zeintzuk dira autokontsumorako azpiegitura instalatzerakoan bete behar diren irizpideak?
Zure etxeko kontsumotik autokontsumo partekatua eskaintzen duen instalazio fotoboltaiko baterako gehienezko distantzia kilometro bikoa izan behar da. Lehen, muga hori 500 metrokoa zen, gero kilometro batera zabaldu zuten, eta handik gutxira, bira. Normalean, energia komunitateak eguzki panelekin eratzen dira eta kasu horretan komenigarria izaten da eraikinetako teilatu lauak eta hegoaldera begira daudenak erabiltzea. Energia komunitate batek instalazio bat baino gehiago izan dezake, lehen aipaturiko distantzia mugek eta baldintzek eragina izan dezaketelako herri eta komunitate bateko bazkideen banaketan.  

Energia komunitateen helburua ez da autokontsumoa eta subiranotza energetikoa lortzea bakarrik. Energiaren kontsumoa gutxitzea ere badute helburu?
Gure kasuan, Oarsoaldean, badago eskualdeko garapen agentziak kudeatutako energia bulego bat. Aholkularitza lanak egiten dituzte energia hornitzaileen fakturak interpretatzeko eta azaltzeko. Eta gure asmoa ere bada aholkularitza lan bat eskaintzea. Dena ez delako "energia gehiago behar badugu, instalazio gehiago egingo dugu" hori. Jendeari azaldu behar diogu energia zelan gutxitu, ohiturak zelan aldatu. Azken finean, kontsumitzen ez den energia da garbiena eta merkeena. Kontzientziazio lan bat egin behar dugu. Bide luzea izaten da hori, baina ez da bazterrean utzi beharreko zerbait. Energia komunitate eredu asko dago. Batzuk TEK erakoak dira, enpresek sustaturikoak. Beste batzuk, gure kasuan bezala, udalen babesean eta bizilagunen artean eratutakoak. Eredu guztiak dira baliagarriak, ezin dira baztertu. Bakoitzaren egokitasunaren arabera aztertu behar dira aukera guztiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!