[BIDEOA]: "Belaunaldi aldaketa betean heldu gara 30. urteurrenera"

Aritz Maldonado / Irati Otadui / Ekaitz Herrera 2025ko mar. 21a, 09:00

Apirilaren 16an, 17an, eta 18an egingo dituzte Durangoko Pasiñoaren 30. urteurreneko emanaldiak; edizioa aurrera ateratzeko zailtasunak izan arren, bermatuta dute gutxieneko parte hartzaile kopurua, eta parte hartzeko sasoiz dabiltzala gogoratu diete durangarrei. 

Astelehen iluntzea da eta hotz egiten du Santa Anan. Baina hori ez da oztopo bat Juan de Iciar elkarteko lagun eta Durangoko Pasiñoa osatzen duten familiako kideentzat. Martxoan kaleko entseguekin hasi dira, eta eguraldiak eta erlojuak larregi lagundu ez arren, dozena bi lagun gogotsu batu dira arkupearen bueltan. Gaurkoan, Herodesen balkoiaren eszenatik hasiko dute entsegua. "Hemen entseatzen dugu beti, Santa Anan. Berdin du zer eguraldi egiten duen", azaldu du Maite Gonzalezek. Hamaika bat urte daramatza Pasiñoan parte hartzen; etxetik datorkio zaletasuna, amarengandik, eta urteetan paper desberdinak interpretatu ditu. "Herodesen neskamearena egin dut, Cantaroren neskamearena ere bai, eta baita Juanarena ere", gogoratu du. Alboan duen Itsasne Larrinagak ere urteak daramatza Aste Santuko antzezlanean parte hartzen; lagunen bitartez sartu zen bera, kuadrillako batek parte hartu ostean batu ziren bera, bere neba eta beste lagun bat. "Pentsa, nik entseatzen nuen bitartean, ama tabernan zegoen, baina hurrengo urtean bera ere animatu zen parte hartzera, eta gaur egun juntan dago", argitu du. Hainbat urtean paper desberdinak antzeztu ditu, eta aurtengoan Herodesen neskamearena egingo du, orain artean egin duen garrantzitsuena. "Eta Pasiñoa aurrera eramateko beharrezkoa balitz, bi ere egingo nituzke", gaineratu du. Hain zuzen ere, aurtengo ediziorako ez dute lan erraza izan paperak banatzeko. 1993an berreskuratu eta gero (1961. eta 1965. urteen bitartean ere antzeztu zen), "arriskuan" ikusi dute ekimenaren edizio hau. "Urte hasieran publiko egin genuen geure larritasuna, jendea behar genuela ikusita. Martxoan hasi ditugu entseguak, eta ez dugu igarri jende berria etorri denik. Betikoak etorri dira. Agian, datak gerturatu ahala jende gehiago animatuko da, baina ez dakigu", esan dute. Gutxieneko kopurua beteta dute, baina oraindino jende gehiagori joateko deia egin diete biek. "Santa Anan gortinak ipintzen ditugu Pasiñoaren egunen bueltan, eta beti esaten dugu Pasiño barruan beste Pasiño bat egotea ahalbidetzen duela horrek", nabarmendu dute. Belaunaldi aldaketa betean heldu da 30. urteurrenaren ospakizuna, eta, zailtasun dezente izan arren, ilusioz dabiltza oztopo horiek gainditzen. "Beltz ikusten genuen, baina 30 urte egitearen ilusio horrek indarra eman digu aurrera egin eta jende gehiago lortzeko", nabarmendu du Gonzalezek. "Antzezlanean, gazteok hartu ditugu paperik garrantzitsuenak, eta bestelako kontuen ardura ere hartzen hasi gara; sare sozialak kudeatzen ditugu, eta komunikabideekin hartu-emanetan jarri gara, besteak beste", esan du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!