DUJA zesta eskolak sortu zeneko bigarren urteurrena ospatu zuen zapatuan, Ezkurdi Jai Alai frontoian. Bertan klubeko zesta-puntisten eta kideen familia argazkia atera zuten. Klubak bultzatzen dituen jardueren artean, zesta-punta eskola nabarmentzen da, "talentu gazteen
garapenarekin, nesken zesta-puntan arreta berezia jarrita", klubeko kideek ohar batean azaldu dutenez. Ezkurdi Jai Alai inauguratu zutenetik, zesta-puntako 130 pilotari baino gehiago ibili dira klubean, denak durangarrak.
Klubak 2023ko martxoan hasi zuen bere ibilbidea, zazpi fitxa federaturekin. Horietatik sei senior mailakoak ziren eta bat gazte mailakoa. Klubeko 150 bazkide inguruk eta Aritz Erkiaga entrenatzaile titularrak egindako lanari esker, 2024-2025 denboraldian DUJAk lehiakideak aurkeztu ahal izan ditu eskola kiroleko kategoria guztietan, eta federazioko txapelketetan parte hartu ahal izan du, hala nola Bizkaiko Txapelketako maila guztietan. 23 urtetan lehenengoz, herriarteko txapelketan ere aritu da.
Aurten 50 pilotaritik gora dituzte, euretako 18 adin desberdinetako neskak direlarik. Denetan ezagunena Helena Barrenetxea da, emakumeen Jai Alai Leaguea jokatzen dabilen zesta-puntista. Egutegi horren barruan, Durangon jokatzen ari diren Euskotren Winter Serieseko finala jokatuko du martxoaren 24an, Durangon bertan.
Klubari eta eskolari buruz informazio gehiago jaso nahi duenak helbide elektroniko honetara idatzi dezakete: durango.jaialai@gmail.com