Modu horretan, korrikalariek kausa solidario batean lagunduko dute, aurtengo edizioan baturiko dirua minbiziaren kontrako ikerketara bideratuko dute eta. Minbiziaren Aurkako Elkartea arduratuko da zeregin horretaz. Elkarteko kide Oihana Urrazak azaldu duenez, bularreko minbiziaren aurkako ikerketa bat laguntzen dabiltza diruz, eta Durangon baturikoak ikerketa horretarako erabiliko dituzte. "Bularreko minbiziak askoz ere gehiago eragiten die emakumeei. Iaz, adibidez, 3.374 bularreko minbizi kasu antzeman zituzten Bizkaian. Sendagarriek eta detekzio goiztiarrak egoera hobetzen lagundu dute, biziraupena handitu dute, baina ezin dugu ahaztu bularreko minbiziak aldaera asko dituela. Horregaitik, oso inportantea da medikamentu eta tratamendu bakoitza ondo zaintzea, eta horien beharrezko jarraipenak ikertzea", azaldu du Urrazak. Ikerketa horiei eskerrak, ospitaleetako arreta medikua zehatzagoa izango delakoan dago Urraza. Bestalde, minbiziaren ezaugarri medikoez gainera, minbizia duenari laguntzeko sarea ere goraipatu du Urrazak. "Gaixoentzat oso garrantzitsua da taldean egotea, pertsonekin egotea, entzutea, arazoei era kolektiboan aurre egitea. Izan ere, minbizi diagnostiko baten atzean bide luzea dago, eta gure elkartean laguntzaile boluntarioak ditugu gaixoei medikuarenera joaten edo ondoan egoten laguntzeko", azaldu du. Gainera, hori guzti hori maila politikoan mugitzeko ere lan egiten dute. Minbiziaren Aurkako Elkarteak 24 orduko telefono arreta zerbitzua eskaintzen du, 900 100 036 zenbakian.