Hitzordurako prest?
Oihana Urraza: Egia esanda, oso gogotsu. Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak aspaldidanik gabiltza Lilakrosean parte hartzen, baina aurtengoa oraindino bereziagoa da. Izan ere, aurten baturiko dirua gure elkarteari emango zaio, bularreko minbiziaren aurkako ikerketarako, hain zuzen ere.
Izaro Rementeria: Lilakrosean parte hartzea ederra da. Hainbeste emakume batera elkarlanean parte hartzen ikustea gauza handia da.
Oihana Urraza: Martxoaren 8a Emakumeen Eguna dela ikusita, gure borroka kaleratzeko eta mezuak zabaltzeko modu bat da Lilakrosa. Izan ere, batzuetan Martxoaren 8a zer den ahaztu egiten zaigulakoan nago. Hainbat lorpen egin den arren, berdintasuna urruti dago oraindino. Horregaitik, lanean jarraitu behar dugu.
Berdintasunerako bidean, zein da Lilakrosak egiten duen ekarpenik handiena?
I.R.: Hainbeste jende batzen dela ikusteak zeure buruari galderak egitera, hausnartzera, zaramatza. Hori onuragarria dela esango nuke. Gainera, horrek guzti horrek badu beste alde bat: hainbeste emakume helburu beraren alde batzeak indartsuago sentiarazten zaitu.
O.U.: Iruditzen zait halako egitasmo jendetsuek mezuak eta aldarrikapenak zabaltzeko balio dutela. Guk, adibidez, emakumeen gaixotasunen trataeran ipiniko dugu fokua. Argi dugu emakumeok zientzian, ikerketan eta erabakiak hartzen diren egituretan egon behar dugula. Izan ere, zientzian edo ikerkuntzan lan egiten dutenen
% 28 baino ez dira emakumeak mundu osoan.
I.I.: Bat nator ideia horregaz. Gizonezkoen gaixotasunak baino ez ditugu ezagutzen, hain zuzen ere, ikerketa guztiak gizonezkoekin egin izan direlako. Baina ez ditugu sintoma berdinak izaten, desberdintasun fisikoak ere baditugu. Horrenbestez, hor ere badugu zer landu. Arrakala bat dugu hor.
O.U.: Hala da, bai. Beste adibide bat ipiniko dut: sendagarriak emakumeengan frogatuta ez badaude, gero ondorioak egon daitezke. Begira zer gertatzen den bihotzekoekin. Eskumako besoan minen bat izatea bihotzeko baten seinale lez interpretatzen da medikuntzan. Baina seinale hori gizonengan gertatzen da, ez emakumeengan. Horrenbestez, bestelako ezaugarriak ikertzen ez baditugu, egoera larriak jasango ditugu. Horrenbestez, beharrezkoa da ikerketan, zientzian, genero ikuspegia txertatzea.
Gaixotasunek, gainera, beste arrakala bat ekartzen dute: zaintzarena.
O.U.: Hor ere badago zer aztertu. Zelan egiten dira zaintzak? Gaixotasun bat dagoenean zaintza beharrizanak handitu egiten dira, eta gehienetan emakumeok hartzen dugu gure gain ardura hori. Baina lan horiek banatu egin behar dira.
I.I.: Adibide bat ipiniko dut. Onkologia mundua ezagutzerakoan, honako hau ikusi dut: gaixoa adineko emakumezkoa bada, alaba izango du ondoan laguntzen. Ostera, gaixoa gizonezkoa bada, pazienteak emaztea, alaba eta semea ere izango ditu lagun. Adierazgarria dela deritzot.
Izaro, zu errugbilaria zara. Bizi izan duzu era horretako arrakalarik kirolean?
I.Z.: Errugbiko senior kategorian gizonak eta emakumeak gaude, baina izendapen desberdinak jasotzen ditugu taldearen arabera. Gizonezkoak DRTko seniorrak dira, eta gu geu ere seniorrak garen arren, ez dugu izendapen hori jasotzen. DRTko neskak gara. Hor ere badago halako arrakala bat. Bestalde, errugbian jokatzen hasi nintzenean, hainbat egoera bizi izan nuen. Gogoan dut hiru neska genbiltzala talde mistoan, eta partidu bat jokatzera joan ginenean ez zegoela guretzat aldagelarik. Epailearen aldagelan dutxatu behar izan genuen, eta azkar egiteko eskatu ziguten, epailea ur berorik barik geratuko zelako bestela. Bilbon eta Donostian bizi izan ditut halakoak. Dena dela, urte batzuk joan dira ordutik eta aldagelen kontua hobetu egin da. Gero, beste arrakala bat babesgarriena da. Lehen ez genuen bularrak babesteko tresnarik. Orain, bai, badira horretarako babesgarriak.
I.I.: Berdintasunari buruz gabiltza berbetan, eta kontua da zulo pilo bat dagoela leku guztietan, arrakala mordoa. Baten batek esan dezake txikikeriak direla, baina ez dira gauza txikiak.
O.U.: Horixe da kontua. Segun eta zelan ikusten dugun mundua, halantxik jokatzen dugu. Horregaitik, jo eta ke segitu behar dugu berdintasuna sustatzen. Hau guztion kontua da, gizarte osoari eragiten dio, eta gizonezkoek ere kontzientzia hartzen hasi behar dute, borroka honetan inplikatuta.
Zein beste arrakala iruditzen zaizue adierazgarri?
I.I.: Erreferenteak izatea ere inportantea da, ikusgarritasuna lantzea. Ni Andereak elkartean nago, eta, besteak beste, emakumeen biografiak ikusarazteko lan egiten dut Wikiemakumeak proiektuan. Datu bat emango dizut: 2017an, emakumeen biografiak % 13,4 ziren Wikipedian. Momentu honetan, presentzia hori % 32,6 izatera igaro da. Lan handia egin dugulakoan nago.
O.U.: Arlo guztietan behar ditugu erreferenteak: ikasketetan, literaturan, pelikuletan... arlo guztietan.
Bistakoa denez, Lilakrosean parte hartzeko arrazoi ugari dago. Zein mezu helaraziko zeniekete irakurleei? Zergaitik parte hartu beharko lukete domekako Lilakrosean?
I.I.: Azaldu dugunez, berdintasun arrakalak itzelak dira. Hau denon lana da, ez bakarrik talde batzuena, mugimendu feministarena. Ez, ez, hau denon lana da, emakumeena zein gizonena. Aurrera jarraitu behar dugu, eta tentuz, erne, lorturikoak zapaltzeko joerak ere ikusi daitezke eta. Batuta bagaude, ez gaituzte geldituko eta ez gaituzte zapalduko.