Durangoko Udalak indarkeria matxistaren kontrako unitateari buruzko datuak eman ditu. Zerbitzua iazko maiatzean jaio zen, indarkeria matxistaren prebentzioan, esku-hartzean eta erreparazioan lan egiteko. Jesica Ruiz berdintasun zinegotziak jakinarazi duenez, 2024ko maiatzetik hona, unitateak 21 emakume artatu ditu. Horietatik 13 zuzenean joan ziren Andragunera, eta 8 beste erakunde batzuetatik bideratu zituzten hara. "Hasieran Unitatea ezagutzera ematea kostatu zitzaigun, baina gaur egun Osakidetza, Ertzaintza eta Gizarte Zerbitzuen arreta esparruan erabat txertatuta dago" azpimarratu du Ruizek. Era berean, "biktimak babestea eta laguntzea, eta benetako eta eraginkorra den berdintasun baten alde lan egitea” xede dutela gaineratu du.
Arreta konfidentziala
Durangoko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Unitateak doako eta konfidentzialeko arreta eskaintzen du Andragunean, astelehen, eguazten eta barikuetan 8:50etik 15:10era, eta martitzen eta eguenetan 10:40etik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.Iaztik hona, sentsibilizazioa eta prestakuntza eskaini izan die Durangoko ikastetxeei eta udaltzaingoari; indarkeria matxistaren aurkako erakundeen arteko mahaian esku hartzen du, eta emakumeentzako udal babes-etxea kudeatzen da bertan. Azkenik, Creciendo Juntas moduko laguntza taldeak eratu dituzte, psikologo batek gidatuta.